Mikel Arejolaleiba: "Harmailetan ahots bat gehiago izango naiz"

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 17a, 11:30

Mikel Arejolaleiba, Iturripen.

17 urte egin ditu Ointxe!-n Mikel Arejolaleiba arrasatearrak, eta lehen taldean, 13. Gaur egun, 30 urte ditu eta, bizitza erdia baino gehiago Ointxe!-n egon ostean, klubeko jokalari izateari utzi dio, baina dio edozertan laguntzeko prest izango dela aurrerantzean ere.

Zerk bultzatuta utzi duzu taldea?

Arrazoi nagusia da Gasteizera noala bizitzera, eta, Bergaran lan eginda, zaila izango litzateke entrenamenduetara etortzea. Gainera, ez nago LEB mailak eskatzen duen konpromiso hori hartzeko moduan.

Penaz utziko zenuen taldea…

Bai, noski. Ointxe! nire familia modukoa da eta pena galantarekin noa. Gainera, modu honetan utzi behar izateak eman dit pena handiena, azken partiduak jokatu barik.

Nolakoak izan dira urte hauek zuretzat?

Umetan ikasi beharreko guztia, ikastolan eta etxean bai, baina Ointxe!-n ere ikasi dut: talde lana, sakrifizioa, diziplina, gauzak ondo ordenatuta eramatea, eta abar. Beraz, asko eman dit klubak, bai. Kirol arloari dagokionez ere, denetik pasatu dut taldean: jaitsierak, igoerak edota kopa garaipenak... eta horretatik ere asko ikasten da.

Gasteizen saskibaloian jarraituko duzu, beste maila batean bada ere.

Bai, hori da. Talde bat aurkitu dut, Urgatzi, eta han jokatuko dut datorren denboraldian. Lehen Nazional mailan izango da, EBA baino bat beherago. Beraz, konpromiso txikiagoa izango da, partidu guztiak Euskal Herrian eta inguruan izango direlako, eta ez Valladoliden, esaterako. Disfrutatzeko helburua jarriko diot nire buruari.

Hala ere, Ointxe!-ri lotuta jarraituko duzu aurrerantzean.

Bai. Oraintxe bertan ere monitore lanetan ari naiz campusean eta aurrerantzean ere ahal dudan guztian lagunduko dut. Harmailetan ere ahots bat gehiago izango naiz, zale bat gehiago.

Mezuren bat helarazi gura duzu?

Oso pozgarria eta aberasgarria izan da niretzat klub honen parte izatea eta eskerrak eman gurako nizkieke entrenatzaile, taldekide eta zale guztiei. Klubak aurrerapausoak ematen jarrai dezan gurako nuke.

Campuseko monitore lanetan

Arejolaleiba, Iturripen, campuseko ikasleak atzean dituela.

Elkarrizketan aipatu moduan, Arejolaleibari zaila egingo zaio Ointxe!-tik aldentzea, eta horren erakusle da oraindik ere monitore lanetan diharduela udako saskibaloi campusean. Txikienekin hiru astez aritu dira campusean, eta datorren astean bukatuko dute. Beste taldeak aste honetan bukatu du dagoeneko. 85 bat ikaslek hartu dute parte campusean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak