Zapatu honetan, hilak 18, baserritarren azoka berezia ospatuko da Arrasaten; izan ere, txakolin eguna antolatu dute egun bererako. Hala, Debagoieneko ekoizleek beren txakolina eskainiko dute, baserritarren produktuekin batera.
Antolatzaileen esanetan, txakolina dastatzeko eta erosteko aukera izango da, eta azokako gazta, ogia eta “gildak” ere egongo dira sabela betetzeko. Gainera, azokako erosketa tikearekin doan izango dira pintxoak eta bestela euro batean salduko dira.
Guztira, 16 postu
Azokan askotariko produktuak izango dira, eta ekainekoari jarraituz, antolaketa berezia izango dute postuek: alde batera begira bakarrik egongo dira kolatuta eta postuen artean distantziak mantenduko dira.
Honakoak izango dira postuetan salduko direnak: ogia, haragi ekologikoa eta gazta, egurrezko tresnak sukalderako, lautadaren promozioa, arrain kontserbak, euskal pastela eta artzai gazta, barazki ekologikoak, barazkiak eta gazta, ahate deribatuak, nekazaritza tresnak, marmelada ekologikoa, ardi gazta, eztia, deshidratatutako produktuak eta hazi garrapiñatuak, marokoar erako pastak, ogia eta gozogintza eta gailetak, bizkotxoak eta enpanadak.