Bergarako barrutiko Hauteskunde Batzordeko presidenteak jakitera emandako akordioak dio EAJk LOREGen 50. artikuluari dagokionez lege-haustea egin duela "udal igerilekuen irekierari buruzko, Udazabali buruzko, haurrentzako ur parkeari buruzko eta erosketa bonuei buruzko berriak" publikatuta: "LOREGen 50. artikuluak dio hauteskundeak deitzen direnetik egiten direnera debekatuta dagoela obren edo zerbitzu publikoen inaugurazio ekitaldiak egitea".
Honela, EH Bilduk egindako salaketa aintzat hartu eta Hauteskunde Batzordeko presidente Angela Rodriguez-Monsalvek EAJ errekeritu du "egun natural bateko epean" aipatutako gaien gaineko "argitalpen denak erretiratu" ditzan.
EAJ: "Hausnarketa eguna da eta EAJk ez du adierazpenik egiten"
Arrasateko udal gobernuko ordezkariekin harremanetan jarrita, Anuska Ezkurrak Goienari adierazi dio EAJk ez duela Hauteskunde Batzordearen ebazpenaren inguruan baloraziorik egingo, "errespetu osoa" diotela ebazpenari eta ez dutela "ezer esatekorik", zera gehituz: "Gaur hausnarketa eguna da eta EAJk ez ditu adierazpenak egiten".
Hauteskunde Batzordean salaketa egin zuen EH Bilduko Maider Morrasek, berriz, gogora ekarri du martxoan bertan behera geratutako aurreneko hauteskunde deialdiarekin lotuta ere jaso zuela ohartarazpena EAJk, eta "kontua are larriagoa" dela, bigarren aldia delako: "Azken honen jakitun, gure PNVko agintari arduratsuek, deialdi berrian, barre egin digute aurpegira".
Aurreko kasuan, martxoaren 10ean, EAJk hedabideetan "publizitate instituzionala" egin izanagatik EH Bilduk egindako kontsultari erantzunez, EAJren elegiteak aztertu eta gero Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuen jeltzaleek hautsi egin zutela araua, eta egindako agerraldien edukia "zerbitzu publikoaren funtzionamendurako ezinbestekoa" ez zenez, eskatu zion "eten zezala" jokaera hori. "Oraingo honetan elegitea jartzeko aukerarik ere ez die eman Hauteskunde Batzordeak", adierazi du Maider Morrasek, gaineratuz: "Badakite ezin dela egin, eta ez dute legea errespetatzen". Morrasek argitu du ebazpenaren berri atzo jaso zuela EH Bilduk, eta, gaurko hausnarketa eguna "errespetatzea" nahiko zuketen arren, erabaki dutela publiko egitea, "herriak jakin egin behar duelako".