EH Bildu gailendu da 2020ko hauteskundeetan Arrasaten, botoen %39,32arekin (2016an %32,65a lortu zuen). Aurreko hauteskundeetan, 2016an, EAJ izan zen indar bozkatuena botoen %33,77arekin, eta oraingoan EH Bilduk eskuratu ditu boto gehien, EAJk baino 352 boto gehiago hain zuzen ere. Alderdi jeltzaleak, hala ere, ez du portzentajeetan behera egin, botoen %35,61a lortu du-eta, 2016an baino bi puntu gehiago.
Hirugarren indar bozkatuena PSE-EE izan da botoen %11,53arekin, Elkarrekin-Podemosen aurretik. Sozialistek apur bat gora egin dute, 2016ko hauteskundeetan botoen %10,71 jaso baitzuten Arrasaten. Elkarrekin-Podemosek behera egin du nabarmen, aurreko hauteskundeetan botoen %14,98 jaso baitzuen eta oraingoan %7,62a jaso baitu.
PP eta Ciudadanosek osaturiko koalizioak 245 bozka jaso ditu. Aurreko hauteskundeetan PPk 480 jaso zituen, eta Ciudadanosek 121. Beraz, nabarmen behera egin dute, 2016ko hauteskundeekin alderatuta. EQUO-Berdeak alderdiak 99 bozka jaso ditu eta Voxek 68.