Txatxilipurdik udaldiko bigarren asteko eskaintza azaldu du

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 10a, 11:30

Txatxilipurdik euskarazko aisialdi-eskaintza ematen jarraituko du udaldiko bigarren astean ere, eta elkartekoek azaldu dutenez, dinamizatutako "ekintza irekiak" egingo dituzte: "Ez da aurrez izena eman beharko eta dohainik izango da".

Hilaren 13an hasita, 2 eta 12 urte bitarteko haur eta gaztetxoendako eskaintza zabaldu du Txatxilipurdik, eta gehienez 15 lagunez osatutako taldeak egingo dituzte –bakoitzean bi hezitzaile barne–. Horri lotuta, azaldu dutenez, taldeak egunero osatuko dira haurrak iritsi ahala.

Uztailaren 13tik 15era 5 gune ahalbidetuko dituzte aisialdirako, eta hilaren 16an gune bakarrean egongo dira. Halere, eguraldiak baldintzatuko ditu espazioak eta hortaz, bi aukera jarri dituzte kasu gehienetan.

1. gunea Musakolako astoa dagoen parkea izango da –eguraldi ona eginez gero– eta Altamira euria bada. 2. gunea, berriz, Txaeta kalean izango da eta 3.a Aldai parkea. 4. guneari dagokionez, eguraldi ona bada, Santa Barbara parkeko Goikobalu gunean batuko dira, eta euria bada, Gazteluondoko goiko frontoian. Bukatzeko, 5. gunea Usaetxe plazan izango da.

Horrez gain, egingo dituzten ekintzetako batzuk ere aurreratu dituzte; adibidez, hilaren 14an ur jolasak egingo dituzte –eguraldia lagun izanez gero– eta 16an, AGAKOren eskutik serigrafia tailerra egingo dute; horretarako, marrazkirik gabeko kotoizko kamiseta eraman beharko dute gaztetxoek. Eguraldi ona bada, Goikobalun egingo dute tailerra eta euria bada, Jokin Zaitegi plazan.

Neurri bereziak, COVID-19a dela-eta

Txatxilipurdiko hezitzaileek azaldu dutenez, haien esku dauden osasun neurri guztiak bermatzen saiatuko dira, baina bertaratzeko asmoa duten familientzat jarraibide batzuk azaldu nahi izan dituzte.

Alde batetik, bertaratu aurretik, etxean tenperatuta hartzeko deia egin dute, eta ekintzen aurretik eskuak garbitzea nahitaezkoa izango dela –elkarteak eramango du beharrezko materiala–.

Bestetik, 2 metroko distantzia bermatu ezin den ekintzetan maskara erabili beharko dela jakinarazi dute, eta bakoitzak berea eraman beharko duela.

Bukatzeko, haurrekin batera arduradun bat egon behar dela adierazi dute: "Ekintza guztietan parte hartzeko, haurrekin batera arduradun bat egon beharko da eta momentu oro, arduradunak izango du haurraren erantzukizuna".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak