Antzerkia, musika eta zirkua, emanaldi bakarrean

Eneko Azurmendi 2020ko uztailaren 8a

Argazkia: Hutsun+Ortzi.

Urbasa ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da egubakoitzean Biteri plazan, 20:00etan. Gaur eta bihar eskuratu ahal izango da sarrera Amaia antzokian, 18:00etatik 20:00etara, doan.

"Antzerkia, musika eta zirkua uztartzen dituen ikuskizuna da Urbasa. Musika txalapartarekin egiten dugu. Harrizko, egurrezko eta bidoizko txalapartak ditugu", azaldu du Anai Gambrak, Hutsun Txalaparta Taldeko kideetako batek –bestea Mikel Urrutia da–. Horrekin batera, Ortzi Acosta gimnasta ohi eta zirkuko artistak akrobazia egiten du. "Guztion artean istorio bat kontatzen dugu, musikaren eta antzerkiaren bitartez. Emanaldi honek daukan berezitasuna da testurik ez duela", gaineratu du Gambrak.

2020an estreinatutako obra da, pandemiak guztiz baldintzatu duena. "Lehen saioa martxoaren 11n egin genuen, hau guztia hasi aurretik, eta bigarrena uztailaren 3an". Gaurko emanaldia hirugarrena izango da, beraz.

Gambraren esanetan, "aukera polita" da txalaparta ohituta gauden tokietatik kanpo ikusteko. "Ortziren indarra eta malgutasuna ere deigarriak dira edonorentzat. Ikuskizuna erakargarria, dibertigarria eta polita dela esango nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak