Erakusketaren motorra, Bill Jimenez adituaren esanetan, zera da: "Bere esperientzia eta haren inspirazio izan direnena". Nabarmendu duenez, euskal eskultoreen "esentzia" aurkitu daiteke erakusketan eta Arregik "paper erabakigarria" dauka etorkizuneko obrak ulertzeko. "Bolumenen arteko orekaren gaineko kezka nabaria da, eta hutsunearekiko errespetua ere bai; hori lortu gura du".
Jimenezek dioenez, arrasatearrak planoak ordenatzen ditu espazioan. "Lur malkartsua izan daiteke espazioa, beharrezko formakuntza eta diziplina gabe".
Arrasatearraren hamaika obra ikus daitezke erakusketan. "Obrak dinamikoak dira eta, era berean, mardulak ere bai". Horien artean, Jose Luis Zumeta margolariaren omenezko obra dago –argazki nagusian dagoena–.