Astelehenean zabalduko dute Santa Barbarako ur-parkea

Txomin Madina Milikua 2020ko uzt. 3a, 16:51

Udalak iragarri duenez, gehienezko edukiera 75 haurrekoa izango da, eta segurtasunarekin eta babesarekin lotutako hainbat arau eta gomendio bete beharko dituzte erabiltzaileek. Sorosle bat ere egongo da bertan.

Astelehenean, uztailaren 6an, zabalduko du Arrasateko Udalak adin ezberdinetarako diseinatutako 21 ur-jokok osatzen duten Santa Barbarako ur-parke berria.

Sarrera doakoa izango da baina gehienezko edukiera izango du ur-parkeak: asko jota 75 haur ibili ahalko dira. Segurtasuna zaintzeko erabiltzaileek bete beharreko arau eta gomendio zerrenda bat ere zehaztu du Udalak. Hala, edukiera zehazten duen eta beharrezko informazioa jasotzen duen kartel bat jarriko dute, eta sorosle bat ere egongo da segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

Ur-parkeak ura ez xahutzeko sistema bat du eta bertako zoladura irristaketak eta erorketak saihesteko prestatuta dago. Irisgarritasuna bermatze aldera, gurpildun-aulkidun erabiltzaileendako 2 metroko zabalera duten bideak egin dituzte eta ur-jokoen gunea eta altzariak ere desgaitasuna duten pertsonak aintzat hartuta jarri dituzte.

Udaletik azaldu dute, gainera, aisialdirako toki eroso bat egin guran, berdeguneak eta mahai gune bat eta eserlekuak ere jarri dituztela.

Ur-jolasen eremua erabiltzeko arauak

  • Heldu batek lagunduta ez bada, hiru urtetik beherako umeak ezingo dira ur-parkera sartu.
  • Ura edateko txarra da, beraz ez da irentsi behar.
  • Hamabi hilabetetik beherakoen kasuan, derrigorrezkoa izango da pixoihala erabiltzea.
  • Ur-jolasen gunean ezin da ez jan ez edan.
  • Ezin da sartu kristalezko botilekin, ezta ontzi ebakitzaile edo zorrotzekin ere.
  • Bainatzeko oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen da.
  • Ezin da sartu animaliarik.
  • Ibilgailu motordunak, bizikletak, patineteak eta antzerakoak ezin dira ez sartu ezta erabili ere.
  • Gunera sartzeko sarrera gisa egokitutako eremuak errespetatu egin behar dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak