Herriko emakume langabeak kontratatuz gero %20 handitu ditu laguntzak Udal Gobernuak

Xabi Gorostidi 2020ko uzt. 2a, 16:45

(Argazkia: Pixabay)

Aurten ere enplegu plana jarri dute martxan, hiru zutaberekin: enpresa berrientzako diru-laguntzak, langabeentzako ikasteko diru-laguntzak, eta Arrasateko enpresetan herriko langabeak kontratatzeko laguntzak. Azken hiru hilabeteetan 280 langabe gehiago daude herrian, eta irailean enpleguarekin lotutako ekimen berriak iragarri ditu Gobernuak.

Lanbideren 2020ko enplegua sustatzeko toki ekintzetarako programari itxaron gabe, herriko langabeei irtenbide bat emateko plana jarri du martxan Udalak. Gobernutik adierazi duenez, "iazko programaren jarraipena dela kontsidera daiteke Lanbideren babesari dagokionez". 

Enpresa berrientzako dirulaguntzak

Enpresa ekintzaileei jarduera berriak abian jartzen laguntzea da helburu dute laguntza hauek. Enpresa sortu berrien kasuan, lanpostu egonkor bat baino gehiago sortzen badute 2.268 euro jaso ahalko dituzte. Hortik gora sortzen duten lanpostu berri bakoitzeko, iaz baino %0,8 gehiago; oinarrizko
kopuruaren %100a, gehienez ere, 4.536 eurokoa izango da.

Laguntza eskuratzeko, enpresa berriaren kokalekua Arrasate izan behar da eta 6.000 euroko inbertsioa izan beharko du gutxienez. Bestalde, lanpostu egonkor bat ere sortu beharko du, gutxienez. Baldintza hauek bete beharko dira 2019ko uztailaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitarteko aldian.

Aurretik beste udalerri baten egon eta Arrasatera egoitza ekarri duten enpresen kasuan zera hartu beharko duten kontuan: bai Arrasateko irekiera eta eta bertan lana egingo duten langileen kontratuen hasiera edota autonomoen erregimeneko altak, deialdi honen erreferentziazko aldian hastea. 

Langabeek ikasteko laguntzak

Zera adierazi du Gobernuak ohar bidez laguntza lerro honi buruz:  "asmoa da lanbide heziketako ikasketen gastuak finantzatzen laguntzea, lana lortzeko aukerak handitzeko eta profil profesionala lan merkatuko beharretara egokitzeko. Laguntza hauetarako, ezinbestekoa da Arrasaten erroldatuta egotea, langabezian egotea, 25 urtetik gorakoa izatea eta lanbide heziketako ikasketak egitea 2020an".

Herriko langabeak kontratatzeagatik laguntzak

Emakumeen langabezian datuetan arrakala ikusi dute Gobernutik, eta, berritasun gisa, herriko emakume langabeak hartzeagatik %20 handitu da enpresentzako dirulaguntza. "Laguntza 2.268 eurokoa izango da orokorrean, baina, plan honen bidez berdintasunerantz pausoak emateko, kontratatuko den langabea emakumezkoa bada, dirulaguntza %20 handiagoa izango da. 

Laguntza hau jasotzeko baldintza hauek bete beharko dira:

  • Arrasaten lantokia edukitzea
  • 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera Arrasaten erroldatuta dauden langabeak kontratatzea
  • Kontratuak 2020an hasitakoak izatea, gutxienez jardun erdikoak eta sei hilabeteko iraupenarekin.

280 langabe gehiago

Zera adierazi du Gobernuak herriko langabezia datuen inguruan: "Arrasaten langabeziak gora egin du azken hiru hilabeteetan: maiatza 1376 langaberekin itxi zen, %13,32ko langabezia tasarekin. Azken hiru hilabeteetan 280 langabe gehiago daude, eta tasa 2,72 puntu altuagoa da. Hori ikusita, Arrasateko Udalak herriko enpresetan bertako langabeak kontratatzeko programa sortu eta abiarazi du, udalerriko ekonomia berraktibatzeko
helburuarekin.

Eskaera epea zabalik

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago; BAZen egin behar dira, abenduaren 31ra arte. Zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan Udaleko Enplegu Sailerekin: 943 25 20 70 telefonoan edo enplegu@arrasate.eus helbide elektronikoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak