Arrasateko AEK-k eta Zuricheko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Sailak hitzarmena sinatu dute euskararen inguruko ikerlan bat Arrasaten abiatzeko.
Zuricheko Unibertsitatean euskal hiztunak eta euskara aztertzen ari da Arrate Isasi-Isasmendi arrasatearra. Hizkuntza ergatiboen prozesamendua ikertzen ari da; hain zuzen ere, euskara bezalako hizkuntza ergatiboa hitz egiteak hiztunaren kognizioari nola eragiten dion. Horretarako, beharrezkoa da euskal hiztunekin eta gaztelania hiztunekin hainbat froga eta esperimentu egitea, eta EHUko Gasteizeko Letren Fakultatean egin izan dira, baina COVID-19aren eraginez, ezinezkoa izan da.
Hala, Arrasateko AEK-k irtenbidea emateko proposamena egin zuen: herriko plazan dagoen euskaltegiko egoitza erabiltzea, ekain bukaera eta uztailean zehar. Trukean, unibertsitate mailan euskararen eta beste hizkuntzen inguruan dauden ezagupenen inguruko tailerrak eta solasaldiak eskainiko dizkie Arrate Isasi-Isasmendik AEKko irakasle edota ikasleei.
Esperimentuan parte hartzeko deia
AEK-k eta Arrate Isasi-Isasmendi ikerlariak herriko gazteei parte hartzeko deia egin die. 18-40 urte arteko pertsonek parte hartu dezakete eta baldintza bakarra guraso biengandik hizkuntza bera (euskara edo gaztelania) jaso izana da. Aurrez izena eman beharko da formularioan.