EH Bilduri ez zaio gustatu nola egingo den gaurko San Juan jaien ekitaldi sinbolikoa

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 23a, 09:05

Prentsa ohar bidez azaldu dute, "hasieratik babestu" dutela ekitaldi sinbolikoa egitea, baina ostean Udal Gobernuak "aldebakartasunez" eman diola forma ekitaldiari. Euren ustez, kultur eragileez gain beste eragile batzuek ere har zezaketen parte, ez diote zentzurik ikusten plaza itxita eta publikorik gabe egiteari, eta bestelako eragileek egindako proposamenei "entzungor" egitea leporatu diote Gobernuari. 

Zera adierazi dute ekitaldi sinbolikoan parte hartuko duten eragile kopuruari buruz: "San Juan bezperan egingo den ekitaldiari dagokionez, faltan botatzen ditugu jaietako programari bere ekarpena egiten dioten hainbat eragile. Soilik euskal kulturaren edota musika arloan dihardutenak izan dira gonbidatuak eta guztiek tratu bera merezi zuten".

Euren ustez "ez du zentzurik" ikuskizuna plaza itxita eta publikorik gabe egiteak, eta zozketa bat egitearen alde azaldu dira: "Astakeria hutsa da, bestalde, ikuskizunak iraun bitartean plazako tabernetara joateko aukera ixtea, bezeroen joan-etorria eragotziz. Zozketa bat egin zitekeen, herritar batzuk, distantzia neurriak gordez, ikuskizuna plazatik eta udaletxeko balkoitik jarraitzeko".

Azkenik, adierazi dute, hainbat eragilek egindako proposamenei "entzungor" egin diela Gobernuak eta tabernei 05:00ak arte irekitzen uztea "aurreko erabaki guztien aurka" doala: "Bestalde, hainbat eragilek beste ekintza batzuk antolatzeko egindako proposamenei entzungor egin die eta ez zaigu zilegi iruditzen. Pasa den asteburu honetan Udala bisita gidatuak eskaintzen hasi da eta uztail hasieran udako programazioa abiaraziko du. Eskaintza horren alde gauden arren, Udalak egin dezake eta eragileek ez? Tabernak 05:00ak arte zabalik izateko baimena eman izana aurreko erabaki guztien kontra doala iruditzen zaigu. Txosnekin akordatzen gara, ezinbestean, tabernetan egongo diren jende pilaketak saihesten lagunduko lukete eta. Txosna batzordeak, arduraz jokatuz, txosnagunerik ez jartzea erabaki zuen, batzordeko taldeei diru sarrera garrantzitsu baten galera suposatuko dien arren, eta Udalera planteamendu berri batekin joan direnean ez zaie onartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak