Azoka zabaldu orduko agertu dira lehen erosleak, eta eguerdia bitartean herritar asko hurbildu da Seber Altubera, nahiz eta ez den jende pilaketa handirik izan. "Eguraldi onak ez du askotan azokarako bidea samurtzen, egun lainotsuak izaten dira emankorrenak eta jendetsuenak, baina gustura gaude berriz ere hemen gaudelako. Otsailean izan ginen-eta azkeneko aldiz; oso azoka ona izan zen guretako hori", azaldu du Aranguren baserriko Lur Pagoaga gaztagileak. "Egia da bai, ez dela pilaketa handirik izan baina poliki-poliki ari gara ekarritakoak saltzen, eta pozik gaude", gaineratu du Bidasoro baserriko Jose Iturbek.
Saltzaile berriak ere bai
Hileko hirugarren azokan eskarmentua duten saltzaileen artean, izan dira estreinakoz gaur joan diren saltzaileak ere, horien artean, Arrasaten bizi den Ouissal Amalal. "Arabiako eta Marokoko gozogintza ekarri dut. Lehengo azoka izateko oso ondo ari gara saltzen; jendeak asko eskertu digu. Oso gustuko dut azoka hau, aspalditik dut erostera etortzeko ohitura eta saltzera animatu naiz orain. Oso beharrezkoak eta garrantzitsuak dira, nire ustez, halako plazak".