Trikitixa eskolan izena emateko aukera, ekainaren 12ra arte

Eneko Azurmendi 2020ko eka. 2a, 11:15

Arrasateko Trikitixa Eskolak 2020-2021 ikasturterako matrikulazioa zabaldu du asteon, eta hilaren 12ra arte egongo da izena emateko aukera, arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidera idatzita edo 686 99 05 80 zenbakira deituta.

Normalean eskoletan-eta ematen dute aukera matrikulatzeko, baina egoerak baldintzatuta, korreoz eta telefonoz bakarrik eman ahalko da izena aurten, arrasatetrikitixaeskola@gmail.com helbidera idatzita edo 686 99 05 80 zenbakira deituta. "Nahikoa da izen-abizenak, adina eta ikasi gura duena jartzea. Izan ere, panderoa, esaterako, taldean erakusten dugu eta taldeak egiteko beharrezkoa zaigu adinak jakitea. Trikitixaren kasuan, ez da beharrezkoa", azaldu du Maixa Lizarribar irakasleak.

Gainera, aste honetan klase presentzialak berreskuratu dituzte, 12 urtetik gorako ikasleekin. Halere, online jarraitzea gura duenak badu horretarako aukera ere, orain arte moduan. "Itxialdia hasi zenean, zerbait pentsatu beharra geneukan eta telematikoki ikasleekin kontaktua mantendu dugu. Gu ere moldatu egin behar izan gara, egoera berezia izan delako. Batzuek ez dute jotzeko gogo handirik eduki, eta haien erritmora ere egokitu egin behar izan gara. Bestalde, beste ikasle batzuek inoiz baino lan gehiago egin dute etxetik. Inprobisazio bat izan da aste batetik bestera, gauzak probatzen joan gara", dio Lizarribarrek.

Ikasturte bukaera eta hurrengoaren hasiera

Ekainaren 19an emango diote bukaera ikasturteari. "Kurtso bukaerako jaialdia ekainaren 18rako aurreikusita geneukan, Amaia antzokian, baina ezingo dugu egin. Beraz, hilaren 19ra arte klaseak mantenduko ditugu eta, orain arte inprobisatzen joan garen moduan, egun horretan ere zerbait inprobisatuko dugu ziur asko, baina egoerak baldintzatuko du hori". 

Datorrenari begira jarrita, Maritxu Kajoi ostean hasi ohi dute ikasturtea; halere, aurten oraindik ez dakite nola eta ze baldintzatan ekingo dioten. "Nik uste B plan bat pentsatu beharko dugula, badaezpada, baina hasiera batean, behintzat, klase presentzialekin hastea izango litzateke asmoa, Maritxu Kajoi ostean". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak