Bilete faltsuekin ordaintzen saiatu dira Arrasateko zenbait dendatan

Julen Iriondo 2020ko mai. 30a, 15:59

Ertzaintzatik adierazi dute pertsona bakarra litzatekeela, printzipioz, ustez iruzur egiten ahalegindu dena. Behin, behintzat, lortu zuen bere helburua –atzo arratsaldean izan zen–, eta iruzurra jasandako merkatariak Ertzaintzaren esku utzi zuen iruzurgileak ordaintzeko erabilitako 100 euroko bilete baliogabea, proba gisara.

Ikerketa eta diligentziak zabalik dituztela adierazi dute Ertzaintzatik, baina, oraingoz, ez dute ustezko iruzurraren egilea identifikatu. Segurtasun Sailak baieztatu du komertzio batean baino gehiagoan saiatu zela aipatutako bileteekin ordaintzen.

Iruzur ahalegina jasan zuen merkatari batek Goienari adierazi dio erostera joan zitzaionaren jarrerak eragin ziola susmoa, "prezioak batere inporta gabe" zebilelako. 100 euroko bileteari so egin zion, eta ohartu zen ez zela balioduna: "Ez zen faltsifikazio bat. Bildumagileentzako ateratzen diren bilete horietako bat zen, eta aldamen batean bertan jartzen du, ez dela legezko biletea".

Hala ere, bilete horiek oharkabean pasatzea zaila ez dela dio merkatariak: "Itxuraz ez zaio erraz antzematen, ukimenera bada desberdina".

Erosleak iruzur egin nahi ziola ohartuta, harekin ezin zuela ordaindu esan eta bezeroak alde egin zuen dendatik. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak iruzur ahaleginaren berri jaso zuten merkatarien partetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak