Azken ostiraletako elkarretaratzea berrartuko dute gaur; domekan, aurkezpena

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 29a, 10:46
AGAKOko kideen babesa izan zuen azken ostiraletako elkarretaratzea. (Argazkia: Arrasateko Sare)

Presoen eskubideen defentsan, gaur, berriz batuko dira; 20:00etan, Herriko Plazan. "Etortzera gonbidatzen zaituztegu. Edozein konponbidek, bakeak eta elkarbizitzak, preso eta iheslariak gure artean eta bizirik egitea eskatzen duelako", azaldu du Arrasateko Sarek. Domekan, ordea, talde argazkia aterako dute Kurtzetxikin, 13:00etan, Sarek maila nazionalean antolatu duen Izan bidea, ibiltarien sarea ekimena babesteko.

"Martxoaren 18an Iosu Arkauzek 29 urte bete zituen espetxean, apirilaren 2an 30 urte dira Unai Parot atxilotu zutela, orduz geroztik preso dute. Geure azken bi hilabeteotako konfinamenduan jabetu gara zer izan daitekeen hainbeste urte urrunduak, sakabanatuak eta bakartuak egotea. Gainera, martxoaren 13tik bisitarik gabe dituzte euskal preso politikoak, lagunak eta senideak ezin ikusi daude, milaka kilometrotara urrundua izatea nahikoa ez eta zigor erantsia daukate. '30 urte asko da! Aski da!' esaten jarraitzen dugu eta egunetik egunera arrazoiak metatzen dira. Injustiziak ez du etenik, komunikazioak murriztuta, osasuna bermatu ezin den lekuan, eta zigorra aspaldi beteak dituzten gure herrikideak preso jarraitzen dute. Gainera, badira 40 eta 50 urte Eugenio Barrutiabengoa Arbe eta Joxe Manuel Pagoaga Peixoto Arrasatetik kanpo direla. Noiz arte? Enarak lez bueltan gura ditugu, herriko kaleetan libre" azaldu dute Arrasateko Sare dinamikakoek.

Patxi Ruiz eta Julen Atxurra presoen egoera ere izan dute gogoan: "Amaitzeko, espetxe politika ankerraren ondorioz Patxi Ruiz eta Julen Atxurra
muturreko egoeran dituztela salatu nahi dugu. Beraien egoera lehenbailehen konpontzea eskatzen dugu. Patxi, Julen eta gainontzeko preso eta erbesteratu politikoak etxean eta bizirik gura ditugu!"

Gaurko elkarretaratzeaz gain, domekan, maila nazionaleko Izan bidea, ibiltarien sarea ekimena aurkeztuko dute, presoen eta erbesteratuen egoera gainditzeko jendartea aktibatzea helburu duena. Ekimena babesteko, Kurtzetxikiko tontorrean talde argazkia aterako dute, 13:00 aldera.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak