Ekainaren 1ean hasiko dute Ibai-Arteren 'Orain gure txanda da' kanpaina

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 27a, 11:52

Herritarrek Ibai-Arteren saltokiekiko erakutsi duten babesa eta jokabidea eskertzea du helburu kanpainak. Hala, 50 eurora arteko hobaria duten erosketa ugari zozketatuko dituzte Arrasate Txartelaren bidez. Kanpaina aurkezteko bideo bat egin dute.

Datorren astelehenean, ekainaren 1ean, Orain gure txanda da kanpainari hasiera emango dio Ibai-Artek, konfinamenduaren osteko lehengo kanpaina izango dena. Modu horretan, Arrasate Txartelarekin ordaindutako erosketek 50 eurorainoko hobariak izango dituzte. Zenbateko desberdineko hobariak egongo dira, erosketa bakoitzeko 5, 10 edo 50 eurokoak, eta berau bezeroaren txartelean sartuko da. "Horrela, guztion osasunaren eta ongizatearen alde itxita egon garen denbora guzti honetan izan dugun gure bezeroen leialtasuna, konfiantza eta babesa saritzen ditugu".

Kanpaina ekainean egingo dute, eta parte hartuko duten establezimenduak dagokien kartelen bidez identifikatuko dituzte. "Kanpaina ez da sustapen-kanpaina bat gehiago; aitzitik, #orainguretxandada kanpainaren goiburu eta traola nagusiaren bidez, #somostucomercio traolaren bidez eta honekin batera doan aurkezpen-bideoaren bidez, elkarrekin aurrera egingo dugula adierazi nahi dugu".

Bideoak hurbileko merkataritzaren garrantzia nabarmentzen du, saltoki hori baita bezeroa hobekien ezagutzen duena, pertsonalki aholkatzen duena, enplegu gehien eta kalitate handieneko enplegua sortzen dituena, gure herri eta hirietako kaleei bizia ematen diena.

Ilusioz beteta

Ireki zutenetik bi aste igarota, herritar guztiei jakinarazi gura izan diete "ilusioz beterik" daudela haiekin berriro topo egiteko, "eta gehien gustatzen zaiguna egiten jarraitzeko, hau da, beraiei arreta eskaini, aholkatu eta gure esperientzia guztia bere esku jarri, produktu eta zerbitzu onenak eskainiz".

Halaber, azaldu dute bezeroen konfiantza izaten jarraituko dutela espero dutela, "ireki dugun momentutik igarri dugun bezala", eta normaltasun berrirako neurri "malgutzaile" berriekin guztiek pultsua berreskuratuko dutela uste dute: "saltokiek, ostalaritzak, enpresek, herritarrek eta, oro har, gizarteak". Bukatzeko, Caja Rural de Navarraren laguntza eskertu gura izan du Ibai-Artek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak