Arrasateko Ereindajanek bazkide berriak nahi ditu, "ekoizle eta kontsumitzaile sarea indartzeko"

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 26a, 12:32

Ereindajan elkarteak Arrasaten duen dendan, erosleak ilaran. (Argazkia: Ereindajan)

"Krisialdi honek erakutsi digu bizitza posible egiten duten euskarriak zeintzuk diren eta berretsi egin du elikadura sistema eraldatzeko gure grina; horretarako, proiektu hau babestuko duten bidelagun berrien bila gabiltza" azaldu dute ohar bidez. 300 bazkidetik gora dituzte gaur egun; urteko 50 euroko kuota ordaintzen dute, eta %5eko deskontua dute dendako erosketetan.   

Irabazi asmorik gabeko elkartea da Ereindajan, eta duela bost urte zen sortu zen "elikadura burujabetza" ipar zuten hainbat ekoizle eta kontsumitzaile batu ostean. 

"Ibilbideari ekin genionetik prezio justu eta arrazoizkoak izateko ahalegin aktiboa egin dugu, ekoizleek modu duinean lan egin dezaten, eta, aldi berean, erosteko ahalmena ez dadin oztopo izan dendara gerturatzen direnentzat. Hasieratik, inguruko nekazari, abeltzain, okin eta gainontzeko ekoizleengan jarri dugu konfiantza, eta urtez urte hornitu dute gure denda. Horrela, hurbil ekoiztutako janari osasuntsua erraz eskuratzeko moduan ipini dugu, eta hori izan da gure proiektuaren ardatza. Produktu ekologikoak lehenesten ditugu eta urtaroek ere badute zeresana: sasoian sasoikoa izaten dugu, beraz, tomate bila udan etorri".

Bazkidetza kanpaina

Elkarteak 300 bazkidetik gora daude gaur egun. Gutxi ez izan arren, bazkidetza kanpaina abiatu dute, bazkide berriak lortzeko eta era horretan ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko sarea sendotzeko. 

"Elikagaien ekoizpen eta kontsumo eredu iraunkorrarekin bat egiten duen jendartea eraikitzeko ahaleginean jarraituko dugu, gure txikitasunetik
baina etenik gabe. Gaurtik hasita izan dezagun komunitate osasuntsu bat, ekoizle eta kontsumitzaile sare indartsu batekin. Guzti horretarako, proiektu hau babestuko duten bidelagun berrien bila gabiltza, beraz, bazkide egitera gonbidatzen zaitugu". 

Indiako feminista eta ekologitsa ospetsu Vandana Shivaren hitz hauek ere baliatu dituzte, bazkide berriak erakartzeko:

"Inork gizartea aldatu nahi badu, aukera ezin hobea du egunean hiru aldiz: gosaltzerakoan, bazkaltzerakoan eta afaltzerakoan".

Bazkideek 50 euroko kuota bat ordaintzen dute urtean behin, eta ostean, %5eko deskontua jasotzen dute dendako erosketetan. Horrez gain informazio zuzena jasotzen duten dendara produktu berriak heltzean, eta jaki konkretu batzuk erosteko –okela jakin batzuk, besteak beste– lehentasuna izaten dute. Bazkide egin nahi dutenek, Araba Etorbideko lokalera joan beharko dute izena emate prozesua egiteko.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak