Zaleek sarritan eskatutako bilduma atera berri du 2008an sortu zuten Piztu Punk taldeak. "Urtebete pasako lana izan da, luzea; eta, egia esan, ondo etorri zaigu itxialdia lanari azken ukituak eman eta, azkenean, gure estreinako lana kaleratzeko. Nik ere banuen arantzatxoa kentzeko gogoa; eta orain, oso pozik gaude emaitzarekin", azaldu du Txerra Bolinaga bateria-joleak.
Piztu Gasteiz jaialdian sortua
Gasteizko musikari beterano asko batu izan dira Piztu Punk taldean –RIP, Obligaciones, Sumision City Blues, Karrocerias Betoño, Señor No...–. Gaur egun, honako hauek osatzen dute laukotea: Topo, baxuan; Iñaki Wei, gitarrarekin; Leire, abesten; eta Bolinaga, baterian.
Urteetan zehar sartu-irten asko egon direla dio arrasatearrak: "Piztu Gasteiz jaialdiaren aitzakian batu ginen; harrera ona izan genuen, eta gu ere eroso sentitzen ginenez jarraitzea erabaki genuen. Bertsioak jotzen genituen, baina 2018an gureak sortzen hasi ginen; Pela abeslariak taldea utzi zuen gero, eta lekukoa hartu zuen Leirerekin grabatu genituen iaz".
Amorruz kritikatuz
Oinarrian, punk-rock estiloan kokatzen du bilduma, baina abesti bakoitzak bere izaera duela nabarmenduta: "Nahasketa bat da; rockeroagoak eta hardcoretik gertuago daudenak ere badaude, eta RIPen Mundo muerto bertsioa nahiko dantzagarria da. Lokalean grabatu dugu, eta Alacanteko gure lagun Oscar Streamlinek –OS Records– sekulako lan ona egin du nahasketan eta masterizazioan. Azala Javi Leonek egin digu".
Lagunei eskatzen diete hitzak idazteko. "Hainbat egile dira; singlea den Post-gorrotoa Zigor Olabarriak egin du, eta indibidualismo progrearen aurkakoa da. Orokorrean, amorruz abes- tutako abesti kritikoak dira; militarren aurkako bat dago, hilketa baten kontakizun beltz bat ere bai...".
Sarean orain, CDan gero
Youtuben, Spotifyn, Apple Music-en eta Instagramen –@piztupunk– dituzte kantuak salgai eta entzungai; eta azken ukituak ematen ari dira CD formatuari.