Oroimenean iltzatuta geratuko den bideoklipa

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 22a, 10:59

2019ko abenduan No retorno diskoa kaleratu ostean, orain Por Qué abestiaren bideoklipa aurkeztu berri du Arkada Social taldeak; astebete eskasean grabatu eta argitaratu dute zuri-beltzezko ikus-entzunezkoa, konfinamenduak baldintzatuta.

Arrasatearrak No retorno diskoaren aurkezpen lanetan ari zirela etorri zen koronabirusaren pandemia. "Sentsazioak onak izaten ari ziren, sare sozialetatik erantzun onak jasotzen ari ginen, baina oso kontzertu gutxi eman ahal izan genituen, alarma egoera dela eta. Alde horretatik, egoerak apur bat izorratu egin gaitu, disko berria ezin izan dugulako behar bezala aurkeztu", adierazi du Hodei Beitiak, taldeko abeslariak.

Gainera, disko berria "berezia" izan da taldearentzat. "Orain arte gehiena nik egiten nuen, eta, azken lanerako, [Mikel] Arri-ren, Oierren eta nire artean sortu ditugu abestiak. Disko desberdina zen, zentzu horretan, gustura geunden egindako lanagatik eta, era berean, pozik geunden izaten ari zen erantzunarekin".

Ezohiko bideoklipa

Hala ere, egoerari aurre egin, eta Por Qué abestiaren bideoklipa kaleratu berri dute. "Maiatz hasieran egin genituen grabaketak. Gero, astebete ibili naiz edizio lanak egiten, eta aurreko egubakoitzean publikatu genuen". Hasierako intentzioa ez zen hori. "Beste bideoklip bat egiteko asmoa geneukan, beste abesti batekin, baina kalean grabatzekoak ginen, jendearekin, eta alde batera utzi behar izan genuen proiektu hori. Hori dela eta, honi heldu diogu".

Konfinamendu egoeran egin diren bideoen tankerakoa da, plano bakoitzean pertsona bakarra agertzen da-eta, egoerak hala eskatuta, baina hau "landuagoa" dela dio Beitiak. "Planoek mugimendua daukate, eta ezohikoa da guretzat; ez ditugu horrelako askoz gehiago egingo".

"Ezohiko bideoklipa da guretzat; ez ditugu horrelako askoz gehiago egingo"

Bideokliparen hasiera ere desberdin egin dute. Intro-a, esaterako, grabatu egin behar izan dute, eskubide kontuak direla eta. "Zuzenekoetan originala jartzen genuen, orkestra batekin egindakoa, baina ez denez gure abestia, grabatu egin dugu, badaezpada. Zentzu horretan ere desberdina da bideoklip hau".

Zuri-beltzaren indarra

Horrez gain, zuri-beltzean kaleratzea erabaki dute. "Niri asko gustatzen zait zuri-beltza. Kasu honetan, gainera, kontrastea eta distira ere handiak dira, eta horrek efektua areagotzen du. Tim Armstrongek modu horretan egiten ditu bere bideo asko, nahiz eta kontraste handiagokoak diren bereak. Hortik hartu nuen ideia eta taldekideei proposatu nien. Gustatu zitzaien, eta zalantzan egon ginen hasiera bakarrik egin zuri-beltzean edo bideo guztia. Azkenean, bigarrenaren alde egin dugu".

Gustura geratu dira emaitzarekin. "Polita geratu da, pozik gaude, eta ingurukoek ere hala adierazi digute sare sozialen bitartez", dio Beitiak.

Asiako bira, bertan behera

Disko berriaren aurkezpena dela-eta Japonian eta Taiwanen bira egitekoak ziren, apirilaren 9tik 19ra, Aste Santua aprobetxatuz, baina bertan behera geratu zen hori ere, pandemiagatik. Des-kontrol eta Arkada Social taldeek egin behar zuten bira hori. "Pertsona bat gehiagorekin bi talde osatzen ditugu. Beraz, elkarrekin egitekoak ginen bira hori. Talde bakoitzak sei bat kontzertu eskaini behar zituen". Dena den, aurrera begira, berriz joateko intentzioa dute. "Ea datorren urteko Aste Santuan guztiok aukera daukagun joateko", onartu du Beitiak.

Ekainaren 6an, Jimmy Jazz-en

Bergarako Brigade Loco eta Tafallako eta Larragako Rotten XIII taldeekin batera Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango da Arkada Social hilaren 6an, streaming bidezko kontzertuan. "Gogotsu gaude, nahiz eta ez gauden ohituta publiko barik jotzen eta arraroa izango den. Probatu egin beharko dugu, ikusteko ze erantzun daukan".

"Asko jota aste pare bat dugu gogor entseatzeko, baina ez daukagu beldurrik"

Konfinamendu egoerak iraun duen bitartean, bakoitzak bere etxean entseatu du, bakarka. Orain, itxaroten ari dira lokalera joateko baimena noiz jasoko. "Desinfektatu egin behar dute lehenik, eta uste dut maiatzaren 25era, astelehenera arte, ezingo garela joan hara. Beraz, asko jota aste pare bat dugu gogor entseatzeko, baina ez daukagu beldurrik".

Udari begira, aurreikuspen "arraroak" dituzte. "Abuzturako genituen hainbat kontzertu bertan behera geratu dira, baina, era berean, abuztuaren 5ean Getarian jotzeko prest ote gauden galdetu digute. Ez dakit posible izango den jotzea, eta arraroa egin zitzaidan. Agian, aretoren batean izango da, edukiera kontrolatuta, auskalo!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak