"Gaur arte ezagutu ditugun San Juan Jaiak" bertan behera uztea erabaki dute alderdi guztiek

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 20a, 12:34

Ohar bateratua adostu dute, eta bertan diote ez dutela baztertzen jaiak irudikatzeko "ekintza sinbolikoren bat" egitea, betiere,  jaien antolaketan parte hartzen duten eragileen proposamenak entzun ostean. San Juan jaiak bere horretan egitea eta alarma egoera "bateraezinak" direla diote, eta aurrerago zehaztuko dituzte egingarri izan daitezkeen ekintzak. 

"Arrasateko Udalak, udal talde politiko guztien onespenarekin –EAJ, EH BILDU, PSEE Elkarrekin Arrasate– eta Kultura Batzordearen proposamenez, ekainaren 23tik ekainaren 26ra ospatzea aurreikusia zeuden San Juan jaiak bertan behera uztea erabaki du; hala ere, jaiak irudikatzeko ekintza sinbolikoren bat egitea ez da baztertu" azaldu dute oharrean.

Gehitu dutenez, Udal ordezkariak jaien antolaketan parte hartzen duten eragileekin elkartu dira erabakia partekatzeko eta, jaiak irudikatzeko ekintzaren bat egite aldera, eragileen ideia edo eta planteamendu ezberdinen proposamenak entzuteko.

"Koronabirusak eragindako alarma egoerak eta libre mugitzeko askatasun ezak bateraezinak egin dituzte San Juan Jaiak bere horretan ospatzea. Udalak eskerrak eman nahi dizkie jaien antolakuntzan diharduten eragile guztiei eta hurrengo asteetan erabaki eta iragarriko da egoera aldakorraren arabera era bateko edo besteko ekintza edo egitaraua" azaldu dute. 


Jaietako dirua bideratzeko EH Bilduren nahia

Oharra plazaratu eta gutxira jakinarazi dute bat egiten dutela jaiak "bere horretan" ez egitearekin, eta jaietako dirua –150.000 euro aipatu dituzte– herriko kultur alorreko eragileengan inbertitzea  gustatuko litzaiekeela adierazi dute. "Diru hori, urtean zehar gelditzen diren hilabeteetan inbertitzea eskatzen dugu. Kultura sustatzen duten eragileei, artistei, musikariei eta orokorrean herriko kulturaren inguruan lan egiten duten pertsonei, eta elkarteei bideratzea, alegia. Garai hauetan argi gelditu dena da kulturarik gabe, ezer gutxi gelditzen zaigula gozatzeko, eta artista askok, bolondreski, euren lana oparitu digute isolamendua errazago eramateko. Hori dena bueltatzeko garaia iritsi dela uste dugu, badago herrian nahiko talentu non dirua inbertitu herri osoaren gozamenerako".

Maalako jaiak ere, bertan behera

Bertako jai batzordeak ere jakitera eman du, ez dituela jaiak antolatuko, "bermerik ez dagoela" iritzita. "Bizi dugun egoera berezi honetan osasun baldintzak ezin direnez bermatu gure kaleko jaiak bertan behera uztea erabaki dugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak