Konfinamenduak ez dio astoari jai gosea kendu

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 15a, 10:07

Jai batzordeko kideak, astoarekin, iazko San Isidro jaietan. (Argazkia: Imanol Soriano).

Gaur ziren hastekoak Musakolako San Isidro jaiak, eta auzoa parrandaz beteriko asteburuan murgiltzeko prest zegoen. Osasun egoerak baldintzatuta, ez dituzte ohi bezala egingo, baina etxean sartuta ederto pasatzeko egitaraua lotu du jai batzordeak. Kalean hiru ekintza antolatzen ahalegindu dira –haurren danborra, gaiteroak eta txikitilariak– baina ez dute baimenik lortu, eurek nahi bezala egiteko.  

Alarma egoera ezarri aurretik ez zegoen garbi San Isidro jairik egingo zen ala ez, baina jai batzordea eta Udala adostasunera heldu ostean, laino hori uxatu egin zen. Bigarren laino bat agertu zen bidean, koronabirusarena, eta horren eraginez Musakolako zerua ilundu. Baina jai batzordea ez da besoak gurutzatuta gelditzekoa. Sagardotegi eguna etxetik irten gabe egitea zer den badakite, eta jaiak etxetik irten gabe egin daitezkeela erakutsiko dute asteburuan.

Jaiak %100ean konfinatuak ez izateko, hiru ekintza kalean egiteko ahalegina egin dute: umeen danborrada, gaiteroen kalejira eta trikitilarien kalejira.  Baina bidean oztopoak topatu dituzte, eta ez dute baimenik lortu eurek nahi bezala egiteko: "Ertzaintzatik esan digute kalejirak eta danborradak kamioi baten gainean egin behar genituela. Guretzako garrantzitsuena parte hartzaileen segurtasuna bermatzea da, eta kamioi baten gainean egonda ez dugu hori garbi ikusten. Kalean, oinez, eta segurtasun distantziak errespetatuz, seguruagoa dela uste dugu".

Egitaraua, egunez egun

Gaur, 12:00etan, Arizmendi Ikastolako haurrek danborrak astinduko dituzte, eta Youtuben jarraitu ahalko da.  17:00etan, izerdia botatzeko txanda, Youtube bidezko spinning saioarekin. 17:30ean, txokolate-jana, nor bere etxean, eta 19:00etan, ikurrina igotzea. 22:00etan, etxeko balkoietan kontzertuak, eta 23:00etan, aldiz, argi-festak; etxeko argiak kenduz eta balkoiak argiztatuz.

Zapatuan, etxe-txikiteoa egingo dute, 12:00etan, musikaz alaituta. 19:00etatik 21:00etara, DJ Iverrek abesti dantzagarriak jarriko ditu Youtuben. 22:00etan Berri Txarrak taldearen itzulera kontzertu mundiala zen egitekoa, baina, azkenean, kale! 23:00etan, berriz egingo dituzte argi-festak.

Domekan, 09:00etan, Musakola's Secret izeneko pijama erakustaldia egingo dute balkoietan, 12:30ean, poteoa balkoietan, eta 17:30ean, balkoien arteko sokatira txapelketa. Izerdiak kentzeko, 18:00etan, balkoitik balkoira ur globo jaurtiketa egingo dute. Amaitzeko, 19:30ean, lapiko-jotzea egingo dute jaiak agurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak