Espainiako Saskibaloi Federazioak gaur egindako bileran baki du sei talde igoko direla zuzenean EBA mailatik zilarrezko LEB mailara. Hau da, A, B, C, D eta E multzoetako lehenengoak izango dira zuzenean igoko direnak –martxoaren 8ko sailkapenaren arabera–; eta bost horiez gain, seigarren talde bat, bost multzoetako bakoitzean sailkatutako talde onenen artean ranking bat eginez, eta hainbat irizpide kontuan hartuz.
A multzoa bi azpimultzotan banatuta dago
Hori horrela, saskibaloi elkarteko zuzendaritzak ez du argi Ointxe!-k igotzeko txartela duen edo ez: "A Konferentzia bi azpitaldetan banatuta dago: AA eta AB. Askok dakizuen bezala, Mondragon Unibertsitatea AB azpitaldeko lehen sailkatua zen lehia eten zenean; eta, AA azpitaldeko lehen sailkatua, berriz, Alquimisa Carbajosa Salamankako taldea zen".
Ointxe!-ko zuzendaritzak dio Espainiako Federazioak ez duela zehaztu zein talderi dagokion A multzoko zuzeneko igoera hori; hala, Ointxe!-ko zuzendaritza gai horri buruzko informazio zehatzagoa jasotzeko zain dago.
Taldeak egindako lanari eskertza
"Egia dena da, duela zenbait astetik hona, Ointxe!-ko zuzendaritza gogor ari dela lanean hainbat alorretan, datorren denboraldian zilarrezko LEB mailan jokatzeko aukera emango liokeen beharrezko babesak lortzeko. Zalantzarik gabe, gure jokalariek eta staff teknikoak denboraldi bikaina egin dute, eta gure babesik handiena merezi dute lortutakoagatik. Nahiko genuke denboraldia Zilarrezko LEB mailara igoaz amaituko bagenu", gaineratu du Zuzendaritzak.