Ekainaren 12an kaleratuko du disko berria Lined eraberrituak

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 1a, 13:20

Ezkerretik eskumara, Imanol Roman, Iker Hervas, Aitor Atxa, Andoni Barkero eta Ruben Conejo. Argazkia: Unai Endemaño.

Devil abestiaren bideoklipa kaleratu berri du Lined talde arrasatearrak, ekainaren 12an argitaratuko duten Soulcrifice diskoko singlearena, hain zuzen. "Momentuz, oso harrera ona izaten ari da, espero ez genuena, eta hori pozgarria da guretzat", diote. Taldea bost kidek osatzen dute orain.

2019ko udan grabatu zuten hamar abesti dituen disko berria, Aretxabaletako Auryn Studiosen. "Denbora bat hartu dugu nola kaleratu pentsatzeko. Dudan geunden guk kaleratu ala diskoetxe batekin egin; azkenean, Valentziako Art Gates Records diskoetxearekin kaleratuko dugu", dio Aitor Atxa abeslariak.

Orain, promozioarekin dihardute. "Horretarako, zerbait serioa egin behar genuela pentsatu genuen. Taldea ezagutzera emateko, erabaki genuen bideoklip bat grabatzea. Izan ere, orain arte ez zeukan horrelakorik Lined taldeak, eta ilusioa egiten zigun". Asier Elgezua arrasatearrak egin du bideoklipa. "Laguna dugu, eta, horrelako lanak egiten oso ona dela bagenekienez, berarengana jo genuen. Proposamena onartu zuen, eta asko lagundu digu", azaldu du Atxak.

Horrez gain, Elgezuak egindako letra-bideo bat ere kaleratuko dute maiatzaren 13an. Elkarlana oso ona izan dela dio abeslariak. "Ikusi da bera ere oso motibatuta egon dela, hasieratik prest egon da edozertan laguntzeko, eta ideia berriak ere ekarri dizkigu. Oso pozik gaude alde horretatik, eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, egin duen lanagatik". Diskoaren azala, berriz, Adolfo WB Warbannerrek egin du.

Aurrez erosteko aukera dago

Ekainaren 12an kaleratuko den arren, dagoeneko erosteko aukera dago, Artgatesrecords.com webgunean. "Orain ordaintzeko aukera dago, eta kaleratutakoan jaso". Kaleratzen denean, diskoetxearen webgunean salgai egoten jarraituko du eta ematen dituzten kontzertuetan ere salduko dituzte, baita Arrasateko eta Oñatiko taberna batzuetan ere. "Halere, oraindik ez dugu erabaki, eta jakinaraziko dugu".

Disko "garatuagoa"

2009an kaleratu zuten lehenengo diskoa, taldearen izen berarekin: Lined. Oraingoa, beraz, bigarrena izango dute. Lehenengo diskotik bigarrenera taldearen eboluzioa nabaritzen dela dio Atxak: "Disko berriko kantuak gehiago garatuta daude, esperientziak ematen duen heldutasun puntu batekin. Plus hori dauka Soulcrifice lanak".

Halaber, lehen diskoan gaztelaniaz ziren letrak, eta orain, ingelesez. "Taldean sartu nintzenean, ingelesezko abestiak egitea zeukaten buruan, eta letra gehienak, gainera, eginda zituzten ordurako. Ni ere ingelesez eroso sentitzen naizenez, aurrera egin genuen", dio Atxak.

Talde moduan ez zaie gustatzen musika estilo konkretu batean sailkatzea. "Azpigenero askotatik hartzen ditugu ideiak. Baina, nonbait sailkatze aldera, thrash-metal melodikoa egiten dugula esan genezake".

Gaur egun, taldekide berriekin

2007an sortu zen Lined taldea, eta hiru kide ziren orduan: Ruben Conejo bateria-jolea, Andoni Barkero gitarra-jolea eta Oxel Etxebarria Buho abeslaria. Gerora, Aitor Fernandez baxu-jolea batu zen taldera eta 2009an kaleratu zuten lehenengo lana. Urte batzuk kontzertuak ematen ibili ostean, baxu-joleak taldea utzi behar izan zuen, eta geldialdi bat eragin zuen horrek, kontzertuei zegokienez.

Gero, Buho-k taldea utzi zuen eta Imanol Roman batu zen. Beraz, Andoni, Ruben eta Imanol geratu ziren. Abeslari eta baxu-jole barik, disko berrirako lanean hasi ziren, abesti berriak sortzen, eta abeslari eta baxu-jole bila. 2018 bukaeran, Aitor Atxa abeslaria sartu zen taldean. "Proposamena egin zidaten, eta asko gustatu zitzaidan egiten zutena. Beraz, animatu egin nintzen". 2019 hasieran, kantu guztiei forma ematen bukatu zuten, eta udan, Iker Hervas baxu-jolea taldera batzearekin batera, diskoa grabatu zuten.

Beraz, gaur-gaurkoz, hauek dira taldekideak: Aitor Atxa abeslaria, Andoni Barkero eta Imanol Roman gitarra-joleak, Iker Hervas baxu-jolea eta Ruben Conejo bateria-jolea.

Formazio berriarekin oraindik ez dute zuzeneko kontzerturik egin. "Orain, zuzenekoak prestatzen ari gara, nahiz eta egoera hobetu arte itxaron beharko dugun horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak