Musika Eskola berriko lanen ordainketan "irregulartasunak" daudela salatu du EH Bilduk

Xabi Gorostidi 2020ko api. 22a, 15:32

Juan Arzamendi Musika Eskolan gaur goizean hartutako irudia. (Egilea: Iñaki Gorostidi)

Baieztatu dutenez Udalak 60.000 eta 100.000 euro artean ordaindu dizkio Lurgoien enpresari oraindik "egin gabe" dituen lan batzuengatik. Lan horien kontrola eta zertifikazioak egitea LKS ingeniaritzaren ardura izan da, baina salatu dutenez, 2019ko martxotik azarora egin diren zertifikatuak "ez datoz bat benetan egin ziren lanekin". Gobernutik "diskrezioa izateko" eskatu arren, diote euren betebeharra dela "irregulartasunak publiko egitea", eta "behar izanez gero epaitegietara jotzea". 

Juan Arzamendi Musika Etxearen lanak geldi daude 2020ko urtarriletik, eta obra horren ordainketan "irregulartasunak" egon direla salatu EH Bilduk, gaur komunikabideetara igorritako oharrean. 

"Lurgoienek arazo ekonomikoak izan ditu eta, ondorioz, 2020ko urtarrilean musika eskola eraikitzeari utzi egin zion. Bestetik, obraren zuzendaritzan diharduen enpresak –LKS ingeniaritzak– hilero ziurtatu behar zituen lanak ezarritako erritmoan egiten zirela, eta horrez gain fede eman behar zuen egindakoak benetan egiten zirela. 2019ko martxotik azarora bitartean egin ziren zertifikatuak ez datoz bat benetan egin ziren lanekin, eta Udalak ordaindu egin du egin gabe gelditu diren hainbat lanengatik. Oraingoz, egin ez ziren obrengatik ordaindutakoaren kostua 60.000 eta 100.000 euro artekoa izan da".

Egindako lanei buruz Gobernuak komunikabideei emandako datuak zuzenak ez direla aipatzen dute: 2019ko abenduan jakin genuen obraren %42a zegoela soilik egina. Harrigarria bada ere, hilabete batzuk lehenago, 2019ko irailaren 24an zehazki, Udalak prentsa deitu eta %50a egina zegoela adierazi zuen publikoki".

Gobernutik gai honekiko "diskrezioa" izatea eskatu dietela azaldu dute, baina diote euren betebeharra dela irregulartasunak publiko egitea, eta berrezko bada epaitegietara eramatea: "Zalaparta mediatikoa eragin dezakeen gai hau isilpean mantentzeko asmoz, diskrezioa eskatu digu Udal gobernuak eta guk argi dugu ezin garela izan beraien konplize. Herritarrek eskubidea dute hainbeste diru suposatzen duen proiektu honen inguruko informazio guztia izateko, horrez gainera, gure obligazioa da, oposizio gisa, irregulartasunak publiko egitea zein behar izanez gero epaitegietara jotzea edota erantzukizun politikoak eskatzea".

Azkenik, gaur egingo ezohiko osoko bilkurak Gobernuan onartu duen eskumen aldaketa baten aurka daudela adierazi dute: "Udal gobernua informazioa ukatzen ari zaigu, horren adibide da apirilaren 22 honetan, osasun krisiaren erdian eta soilik gutxieneko quoruma osatzen duten zazpi zinegotzirekin egingo den bilkuran, Udalbatzak gai honen inguruan daukan konpetentzia kendu eta beregain hartzeko asmoa dutela EAJk eta PSOEk, gaiarekiko informazio eta erabaki ahalmen guztia beraiek bakarrik izateko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak