Leo Bassi (Umorista): "Orain arte, gutxienez 15.000 euro galdu ditut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko mar. 19a, 12:02
Leo Bassi umoristaren Arrasateko emanaldia bertan behera utzi dute.

2018an izan zen azkenekoz Arrasaten; orduan ere, Eskoriatzako talde zapatistak antolatutako ekitaldia izan zen, eta itzultzeko gogotsu dago, baina Covid 19- aren bilakaera eta horren eraginez egunetik egunera murrizketak daudela ikusita, atzeratzea adostu dute artistak eta antolatzaileek.

Zelan zaude?

Egoera oso arraroa da; bizitza osoa daroat ogibide honetan eta sekula ez dizkidate horren denbora gutxian horrenbeste ekitaldi bertan behera utzi. Jendea beldurrez sumatzen dut kalean, eta nire barruan sentitu dut ausarta izan eta emanaldiekin aurrera egiteko desioa, baina uste dut horren gainetik dagoela osasun arloko arduradunek agindutako protokoloari men egitea. Publikoarekiko izan behar dudan erantzukizuna guztiaren gainetik dago, eta oso kontziente naiz horrekiko.

Arrasatekoaz gainera, dagoeneko ikuskizun asko galdu dituzu, ezta?

Hala da, bai; Arrasateko emanaldiaren bezperatan Logroñon nituen laurak, batetik, aurrez Italian nituen beste hiru emanaldi ere bai...

Zer galera ekarriko dizu horrek guztiorrek dirutan?

Orain arte, gutxi gorabehera, 15.000 euroko galera. Apirilean Alemanian eta Kanariar irletan ditut saioak lotuta, eta une honetan Madrilgo antzokiak itxita daude; hortaz, ikusi egin behar hemendik aurrera...

Eta zer diote zure lagun-artistek?

Lur jota daude; ni moduan, lagun gehienak langile autonomoak dira, hau da, ikuskizunetatik bizi gara, horietatik jaten dugu; nik, zorionez, ibilbide luzea dudanez, ez nago beste batzuk besteko egoera larrian.

Zerbait egiterik baduzue? Konpentsatzeko modurik ikusten duzue?

Ez dut artistendako dirulaguntza posiblerik aurreikusten. 2008an, diru publikoarekin lagundu zitzaien bankuei, eta orain, uste dut eurei dagokiela beste guztioi laguntzea, baina ez dut uste horretarako prest egongo direnik. Konpainia txikia da nirea, baina lantalde bat dut eta eurei dirua aurreratzeko prest nagoela adierazi diet; izan ere, uste dut bertan behera geratu diren emanaldiak berriz ere programatuko dituztela.

Arrasatera etorriko zara, ezta?

Bai, duda barik, ari gara data berri bat lotzeko berbetan. 2018ko emanaldiko oroitzapen oso onak ditut; eta gainera, Mexikoko Chiapasi laguntzeko helburua du emanaldi horrek, eta nik ahal dudan guztietan bat egiten dut halako helburuak dituzten elkarteekin.

Euskal publikoa maite duzula esan izan ohi duzu sarritan.

Bai, hala da; oso gustuko dut Euskal Herrian antzeztea. Ezagutzen zaituztet eta gustatzen zait, orokorrean, zuen izaera. Arrasatekoaz gainera, Bilbon ere baditut pare bat emanaldi uztailerako lotuta, eta oso pozik joango naiz, koronabirusak ez banau lehenago akabatzen.

Zure ikuskizunerako hurrengo gidoia koronabirusari buruzkoa izango dela uste duzu?

Ematen du, bai, gaiak gidoi baterako; kar, kar, kar. Kaleko gizona naiz eta kalean zer ikusten eta entzuten dudan aintzat hartzen dut, baina ikusiko dugu; oraingoz, Yo Mussolini-rekin jarraituko dut, ederra da eta!

Italiarra zara; arduratuta zaude hango egoerarekin?

Hala nago, bai, bereziki, gaixotasun honek azpimarra jartzen duelako herrialde horrek aurrez dituen arazoetan, biztanleria oso zaharra du orokorrean; azken hamarkadetan jaiotza-tasa oso baxua da, eta gazte gehienek, gainera, atzerrira joan beharra dute lan bila. Nire gertukoak ondo daude, zorionez; guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak