Lasok grabatu zituen "altxorrekin", pelikula bat

Xabier Gorostidi 2020ko mar. 13a, 08:29

Arrasate Zientzia Elkarteak arrasatear askoren oroitzapenak biziberrituko ditu; zehaztasunez biziberritu ere, 1960ko eta 1970eko  hamarkadetako Arrasateri buruzko bideo hunkigarri batzuk batu baitituzte, ordubeteko pelikula batean 

50 urtetik gorako arrasatear askok argazki euskarrian dituzte haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak. Orduan, apenas zegoen bideorik, baina zeuden apur horiek Arrasate Zientzia Elkartearen eskuetara heldu dira, eta Iban Del Campo zinegilearen laguntzarekin ordubeteko pelikula batean batu dituzte.

Lasoren altxorra

Pedro Sologaiztoa Laso argazkilariak eta argazkilaritza-zale zen Jose Mari Lasagabasterrek Laso argazki denda ireki zuten Arrasaten –Laso izena bien abizenen batura-joko bat da–. Hasieran, Ferrerias kalean izan zuten denda, eta ostean, Grupo San Juanen. "Argazki pila egiten zituen Lasok: nortasun agirietarako, tramite administratiboetarako, askotariko ekintzetakoak... Argazkiez gain, bideoak ere egiten zituen, Super 8 argazki kamera bereziarekin", azaldu du AZEko Jose Angel Barrutiabengoak.

Hala, duela gutxi, Pedro Sologaiztoaren lobetako bat AZEkoekin harremanetan jarri zen. 60ko eta 70eko hamarkadetan egindako grabaketa mordoa aurkitu zituen etxean, eta horrekin zerbait polita egin zitekeela pentsatu zuen. "40 bat bideo bobina ekarri zizkigun, gutxi gorabehera 40 orduko materialarekin. Herriko zein jai edo ekintza aurkitu dituzten galdetuta, zerrenda luze batekin erantzun du AZEko Xabier Bengoak: "Ikurrina udaletxean jarri zutenekoa,  Seber Altube plazaren inaugurazioa, Santa Marinako ikastetxearen inaugurazioa, erretiratuei egin zitzaien lehen omenaldia, 1964ko Euskal Jaia, danborradak, ziklo-kros lasterketa Santa Barbaran, sanjuanak… baita Arzallusek Gurea zineman emandako mitin bat ere".

Batu eta forma eman

40 orduko bideo horietatik garbiketa egin eta hiru orduko aukeraketa egin zuten, eta ostean, aliatu bat aurkitu zuten. "Iban del Campo zinegilearengana jo genuen, eta bere laguntzarekin ordubeteko filma egingo dugu. Altxor bat genuela esan zigun bideoak ikusi bezain pronto.  Ostean, Ahotsak.eus-eko audio batzuk eta Goienak Pedro Sologaiztoari egindako elkarrizketa bat ere gehitu dizkio Del Campok".

Ekainaren 10ean egingo dute estreinaldia, Kulturaten –ziur asko, emanaldi bat baino gehiago egin beharko dute–, eta bihar, zapatua, Pedro Sologaiztoa jaio zeneko 100. urteurrenean, pelikularen aurrerapen-bideoa argitaratuko dute, Juan Arzamendik konposatutako Gora Arrasate abestiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak