Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa abiatu du Gure Eskuk

Eneko Azurmendi 2020ko mar. 11a, 17:07

Gaur egun dute ekimenaren aurkezpena, Donostiako Tabakaleran. Argazkia: Gure Esku.

Hamaika Gara ekimena aurkeztu dute gaur, eguaztena, Donostiako Tabakaleran, eta gauza bera egingo dute Arrasaten datorren astelehenean, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.

Hamaika Gara ekimenaren bitartez, erreferendum baten aldeko sinadura bilketa jarri du martxan Gure Esku dinamikak, hainbat eragile sozialekin elkarlanean. "Gure bidean mugarri izango da ekimen hau", azaldu dute Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek.

Haien esanetan, "sinadura bilketa masibo bat" izango da, "etorkizun politikoaz eta gai guztiez erreferendum bidez erabakitzearen alde, erabakitzeko eskubidea arautzea helburu duena". Hala ere, ez da sinadura bilketa soil bat izango, eta  harekin loturik hainbat ekintza egingo dituzte, besteak beste, bi hauek: maiatzaren 16an, Durangon "mobilizazio egun handia" egingo dute, eta ekainaren 13an, berriz, Hamaika Gara eguna, herri ezberdinetan. "Ekintza kolektibo masibo bat eramango dugu aurrera, herritarron konpromisoak pilatu eta urrats eraginkorrak egiteko".

Hauek dira, oraingoz, egitasmoa sustatuko duten eragileak, alfabetikoki: AEK, ANC Euskal Herria, Bilgune Feminista, Demokrazia Bai, Euskal Herrian Euskaraz, EHNE, Euskal Herria Kirola, Erabakizaleak, Ernai, ESK, Etxalde, Etxerat, Gaur Geroa, Gure Esku, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatu Koop, Oneka, Sare eta Steilas.

Udazkenean, bi eskaera

Haien esanetan, sinadura bilketak oinarri izango duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren borondatea eta konpromisoa adieraziko dute. "Eta, era berean, tokian toki hala erabakita, eskaera zehatzak bideratuko zaizkie Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari".

Martxoaren 16an, Arrasaten

Honekin lotuta, Arrasateko Gure Eskuk aurreratu du datorren astean egingo dutela aurkezpena. "Eremu askotariko eragile eta norbanakoak bildu nahi ditugu Erreferendumaren Aldeko Herri Ekimena azaltzeko, astelehenean, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean".

Erreferendumaren aldeko hautua defendatzeko bi arrazoi eman dituzte: "Lehenik eta behin, demokraziaren legezko praktika unibertsala delako eta bestetik izan dezakegun tresnarik eraginkorrena delako. Bigarrenik, burujabe izan nahi dugulako eta gure Herriaren norabidea eta etorkizuna elkarrekin erabaki nahi dugulako. Hau da, gure bizitzan eta komunitatean eragina duten auzi guztien inguruan erabaki nahi dugu, askatasun osoz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak