Asteburuko bigarren partidua ere irabazi egin du Mondragon Unibertsitatea taldeak

Oihana Elorza Gorostiza 2020ko mar. 8a, 20:00

Burgosen jokatu du arratsaldean Ointxe! elkarteko Mondragon Unibertsitatea saskibaloi taldeak eta 65-75 irabazi du. "Asteburuko bi partiduetan sekulako talde-lana egin dugu. Gaurkoan ere jokalari denak ibili dira oso ondo", dio entrenatzaileak, Iñaki Ogaranek. Lider dira sailkapenean.

Burgosen, hango Miraflores elkarteko Nissan Grupo de Santiago taldearen kontra jokatu du asteburuko bigarren partidua Ointxe!-ko Mondragon Unibertsitateak domeka arratsaldean, eta irabazi egin du partidu hori ere. "Partidu gogorra izan da, baina sekulako talde-lana egin dugu eta irabazi egin dugu. Ezin dut jokalari bat edo bi nabarmendu, guztiak ibili dira oso ondo, eta emaitza ona izan da", dio Arrasateko taldeko entrenatzaileak, Iñaki Ogaranek.

Lehen laurdenean hamar puntu gora kokatu da Mondragon Unibertsitatea. Bigarren laurdena ere bide beretik hasi dute, hamazazpi puntu aurretik egotea lortuz. Baina inflexio puntua heldu da gero. "Ez dakit zehazki zergatik. Baina litekeena da nekeagatik izatea. Bi partidu izan dira asteburuan eta biak prestatzea ez da erraza izan, denbora ere behar delako horretarako. Baina prestatu dugun guztia egin dugu, bai erasoan eta baita defentsan ere, eta hortxe lortu dugu abantaila", dio Ogaranek. Horrela, Burgoseko taldeak markagailuan diferentzia txikitzea lortu du, aldea bostera jaitsi arte. Hirugarren laurdenean, baina, erreakzionatu egin dute Arrasatekoek eta amaierara arte kontrolpean izan dute gero partidua, entrenatzaileak adierazi duen moduan.

Denboraldiko hirugarrena

Iñaki Ogaranek esan duen bezala, denboraldi honetan hiru aldiz tokatu zaie asteburuan bi partidu jokatzea: "Lehenengo aldian biak galdu genituen, bigarrenean bat galdu eta bestea irabazi, eta hirugarrenean, biak irabazi ditugu".

Lehen postuan dago MU

Gaurko partidua irabazita, lehen postuari eusten dio Mondragon Unibertsitatea taldeak. Piélagos taldeak galdu egin du eta garaipen baten aldea dute arrasatearrek; Piélagos taldeak sei porrot ditu eta MUk, bost.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak