Mondragon Unibertsitatea bakarrik dago sailkapenaren buruan La Flechari irabazita

Mirari Altube Arrese 2020ko mar. 8a, 07:28

Mu eta La Flecharen arteko norgehiagoka. Argazkia: Angel Ayastuy.

Hiru talderekin puntutara berdinduta izan da lider Mondragon Unibertsitatea astean, eta atzo iluntzean, La Flechari 89 eta 82 irabazita besteen aurretik jarri da sailkapenean. Gaur, beste partidu bat du, Miraflores taldearen aurka Burgosen, eta Beñat Barberenaren azkena izango da.

Mentalki, fisikoki zein taktikoki ondo hasi zuten, eta lehen errentak etxekoendako izan ziren; hortaz, bazirudien partidua erabat kontrolpean zuela MUk, kantxan erritmoa jartzen ari zelako eta La Flecharen jokalari garrantzitsuenak ondo menderatzen. Etxekoen erritmoa, baina, moteltzen joan zen bereziki aurkariak zonan jarri zirenean, eta poliki-poliki partiduan sartzea lortu zuen La Flechak. "Ondo defendatzen saiatu gara baina kalitate handiko jokalariak dituzte eta min handia egin digute", zioen Iñaki Ogara entrenatzaileak. 

MUk lanean jarraitu zuen, mentalki indartsu, nahiz eta Ogarak berak onartu kosta egin zitzaiela ulertzea erasoan zelan egin min aurkariari. Espazioak zabaldu zituztenean lortu zuten jaurtiketa errazak. "Garaipen justua izan da eta ikusleendako partidu polita. La Flechak ere izugarrizko lana egin du, hortaz, pozik gaude lortutakoarekin", adierazi zuen entrenatzaileak.

Beñat Barberenaren azken partidua gaur

Gaur, bigarren partidu bat jokatuko dute; oraingoan, Burgosera joango dira eta Miraflores izango dute aurkari. Beñat Barberenaren azken partidua izango da Txinara itzuli beharra duelako, eta garaipenarekin agurtu gurako lukete. "Zazpi final ditugu orain, eta etxetik kanpora dugun partidu hau ere oso garrantzitsua da", zioen Ogarak atzo iluntzean eta gaineratu: "Beñatek gurekin jokatuko duen azken partidua izango da. Oso pozik gaude berarekin eta ea garaipen batekin lortzen dugun agurtzea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak