Lider jarraitzeko, partidu erabakigarriak MUk

Jone Olabarria 2020ko mar. 6a, 13:26

Aurreko jardunaldian irabazita, Eba mailako liderra da Mondragon unibertsitatea une honetan, nahiz eta hiru talderekin puntuetan berdinduta dagoen. Lidergoa sendotzeko asmoz, asteburuan taldeak jokatuko dituen bi partiduen garrantzia azpimarratu dute.

Tabirako talde durangarra hartu zuen etxean joan den asteburuan Mondragon Unibertsitateak; 84-69 irabazita, eta Pas Pielagos taldearen porrotaren ostean, lider kokatu ziren arrasatearrak EBA ligan. Une honetan, 35 puntu dituzte zuri-moreek, eta, haiek bezala, puntu kopuru berberarekin daude beste hiru talde: Megacalzados Ardoi, Arha Hoteles eta Pas Pielagos.

Domekako partiduari dagokionez, "nahiko eroso" aritu zen etxeko taldea; lehen zatian minutu onak jokatu zituen Mondragon Unibertsitateak, eta, lehen zatiaren amaieran aurkariak jokoan sartu ziren arren, bigarren zatiaren lidergoa ere arrasatearrena izan zen.

Hala, puntu kopuruari dagokionez berdinduta dauden arren, jokatutako partidu kopuruan ezberdintasunak daudela azaldu du Iñaki Ogara taldeko entrenatzaileak: "Puntuetan berdinduta gauden taldeen artean Pas Pielagos-ek eta guk partida bat gutxiago jokatu dugu, gure artean jokatzea falta zaigu. Dena den, larunbat honetan irabazten badugu, partidu bat aurretik izango gara".

Partidu "gogorrak"

Hain zuzen ere, asteburu hone-tan jokatuko dituzten partiduak "bereziki garrantzitsuak" direla azaldu du Ogarak. Zapatuan Iturripen hartuko dute La Flecha taldea, 20:00etan. Sailkapenean seigarren postuan dago taldea, eta, aurkariaz galdetuta, partidu "gogorra" izatea espero dutela adierazi du Ogarak: "Jokalari gazte eta oso indartsuak dituzte. Gabonetan hainbat fitxaketa egin dituzte eta jokalari talentudun asko dituzte". Gakoa "ondo defenditu" eta jokalari horiek "zaintzea" izango dela azaldu du Ogara entrenatzaileak. Era berean, domekan Burgosen jokatuko dute partidua, Miraflores taldearen aurka. Sailkapenean zazpigarren, aurkari "zaila" izango dela azaldu dute.

Zaleen babesa

Taldea orokorrean "pozik" dagoela azaldu du Ogarak: "Jokalariak eta zaleak ere ilusioz ikusten ditugu. Herrian sortu den ilusioa aberasgarria da guretzat; Iturripe bete egiten da etxean jokatzen dugunetan eta zaleekin kimika hori sortu izana asko eskertzen dugu. Azken asteetan etxean jokatutako partiduak festa hutsa izan dira, bai jokoan, baita harmailan ere".

Astean zehar lan "oso ona" egin dutela azaldu du entrenatzaileak; horrez gainera, jokalariak kontzentratuta eta helburua lortzeko konfiantzarekin daudela aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak