Wifi gune gehiago, eta azkarragoak

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 6a, 09:25

Iker Agirresarobe –Udaleko informatika arduraduna– eta Anuska Ezkurra –zinegotzia–, maiatzean wifi gune izango den Herriko Plazan.

Europa mailako WIFI4EU programaren laguntza jaso du Udalak. Horri esker bost wifi gune berri jarriko dituzte, eta gaur egun dauden gune batzuetan internet abiadura 30 aldiz azkarragoa izango da. Orain arte sei wifi gune zeuden herrian, eta maiatza erdialderako hamaika izango dira guztira. 

2017an proiektu pilotu eran Arimazubi plazan eta Garibai eta Maisu Arano kaleetan jarri ziren lehen puntuak; 2019an sare hori sei puntutara zabaldu zen, Arimazubi plaza, Arizmendiarrieta plaza, Biteri plaza, Euskara plaza, Makatzenako jolas parkea eta Musakolako Kiroldegia. Orain beste bost gune berritan jarriko dute: 

  • Monterron parkea
  • Herriko Plaza
  • Seber Altube Plaza
  • Kiroldegiko Skate parkea
  • Mojategiko harmailak


Ezkurra eta Agirresarobe, prentsa agerraldian. 

Hainbat gunetan, orain dagoen Wifi konexio publikoa 1MBkoa da, eta sistema berriarekin 30MBkoa izango da, %3.000 azkarragoa, alegia. Hauek dira 30MBko abiadura izango duten guneak: Garibai etorbidea, Biteri plaza, Euskara plaza, Arimazubi plaza eta kiroldegiko sarrera eta kanpoko igerilekua. Antena bakoitzak 500 konexio batera kudeatzeko gaitasuna du.

Proiektua garatzeko Udalak 15.000 euroko –BEZ barne– dirulaguntza jaso du Europatik WIFI4EU erakundetik. Bertatik inbertsioak finantzatuko dira: antenak, instalazioak...  Mantenu gastu eta interneteko konexioa, adibidez, Udalak ordainduko ditu. Anuska Ezkurra zinegotziak adierazi du Udalak herritar ororen sarerako konexioa bermatzea du jomuga: "Ekimenaren helburua da herri osoan kalitate handiko Interneterako sarbidea ematea egoiliarrei eta bisitariei, espazio publikoetan dauden doako WiFi sarbide-puntuen bidez: parkeak, plazak, administrazio-eraikinak, liburutegiak eta osasun-zentroak... Guztiok batera egin behar dugu aurrera eta zerbitzu publikoen unibertsaltasuna bermatu. Inor atzean geratu gabe. Wifi publikoa ere bada pausu bat gehiago".

Internetarekin lotuta, Alde Zaharrean zuntz optikoa jartzeko eskaerei bide emango dioten edo ez galdetuta, Ezkurrak adierazi du hau beste proiektu bat dela, eta gaur-gaurkoz ez dutela esku-hartze hori egitea aurreikusten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak