Pietro Mascagni konpositore italiarraren Cavallería rusticana opera Amaia antzokian izango da ikusgai, Ozenki elkarteak antolatuta. Mundu osoko antzokietan gehien antzeztu diren hamar operen artean dago lan hori; 1890eko Sizilian kokatutako istorioa da, eta maitasunean eta gorrotoan oinarritutakoa da.
Mascagnik idatzitako obran pieza oso ezagunak daudela azaldu du Ozenki elkarteko Manu Gallardok: "Intermezzo izenekoa, adibidez, iragarkietan eta filmetan –El Padrino eta Toro Salvaje– sarritan erabili izan dute". Arrasateko operazale elkarteak agertoki modernista eta luxuzko abeslariak batzen dituen ekoizpena eroango du Amaia antzokira: David Baños, tenorea; Alberto Arrabal, baritonoa; Maria Ruiz, sopranoa; Paula Iragorri, mezzosopranoa; eta Laura Ortiz. Eta horiez gainera, Sasibill abesbatza eta Arkaitz Mendozak zuzentzen duen orkestra lirikoa ere izango dira.