Pista estaliko hitzordu nagusia Ourensen da

Xabier Urtzelai 2020ko ots. 28a, 14:40

Espainiako Txapelketa absolutua jokatuko dute asteburuan; pertika saltoan Malen Ruiz de Azuak eta Maialen Axpek, eta salto hirukoitzean Eneko Carrascalek eta Iñigo Uribarrenek neguko denboraldia borobildu gura dute Galizian.

Asteak daramatzate txapelketetan murgilduta, baina Espainiakoan estatu osoko atletak izango dituzte kontrario. Malen Ruiz de Azua, esaterako, Euskadiko txapeldun izan zen joan den astean (4,32) eta beste horrenbeste lortu zuen Eneko Carrascalek salto hirukoitzean (15,43). Orain dator, baina, azterketa handia.

Ruiz de Azuak marka onena

Emakumezkoen rankingean, 2020 honetan, Malen Ruiz de Azuak lortu du estatuko markarik onena (4,40). Eta joan den astean Valencia Club Atletismo taldeko kideak gutxigatik ez zuen marka pertsonala egin, 4,42ko saltoa egiteko ahaleginean gutxigatik ez zuen-eta arrasatearrak helburua bete: "Egia esan pista estaliko denboraldia hasi genuenetik oso sentsazio onekin nabil, gustura nabil. Azken aste hauetan ondo nago, baina gogoan dut lehenengo txapelketatik nabilela gozatzen".

Eta, momentu on hori Galiziako hitzorduan gura du borobildu: "Gauza ederra izango litzateke Espainiako Txapelketa moduko hitzordu batean marka pertsonala egitea, eta gainera, pista estaliko denboraldia amaitzeko modu ezin hobea izango litzateke. Ikusten dut helburua gertu daukadala, eta onena ematera joango gara".

Axpe, ondo errekuperatzen

Maialen Axperi, berriz, gehiago kosta zaio neguaz gozatzea, Iruñean entrenatzen den atletari iaz orkatilan izandako lesio batetik errekuperatzen harrapatu diolako pista estaliko denboraldiak: "Kostatu zait ostera ere konfiantza hartzeko prozesua betetzea, txapelketetara bueltatzea ez da izan erraza. Baina, egia da gauzak hobera doazela eta pozik nagoela ematen nabilen aurrerapausoekin", dio Bedoñakoak.

Hala, Atletico San Sebastian taldeko ordezkariak 4,20ko saltoa egin zuen otsailaren 19an Pragan, eta oraingoz urteko laugarren marka onena da. Bada, Ourensen pauso bat eman gura du aurrera: "Txapelketa guztietara nire onena ematera joaten naiz, eta Galiziara ere ideia berberarekin noa. Horrekin batera, udako denboraldirako oso gogotsu nago".

Bada, bi atleta arrasatearrak rankingaren lehen postuetan daudela iritsiko dira Ourensera, lehen aipatu moduan Ruiz de Azuak duelako oraingoz markarik onena, eta laugarren dago Axpe. Tartean daude Andrea San Jose (4,30) eta Ana Carrasco (4,21) madrildarrak.

Carrascal eta Uribarren ere aurrean

Partika saltoarekin batera salto hirukoitzean ere Arrasateko harrobiak izango du Ourensen ordezkaritzarik, bertan izango dira-eta Eneko Carrascal eta Iñigo Uribarren. Biak dira Real Sociedad taldeko atletak, eta biak igo ziren joan den astean Euskadiko Txapelketako podiumera. Carrascalek 15,71ko marka egin du aurten, eta Uribarrenek 15,38koa. Hala, estatuko atleten rankingean zazpi atleta onenen artean daude, nahiz eta hiruk bakarrik lortu duten hamasei metrotako langa gainditzea: Pablo Torrijos (16,83), Ramon Adalia (16,35) eta Sergio Solanas (16,23). Bestalde, Sabadellen martxo erdian egingo dituzten 20 urtez azpikoen txapelketarako sailkatuta dago Alain Egia, Euskadikoan 14,07ko saltoa egin eta gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak