Martxoa amaitu orduko San Josepera joateko zubia erabilgarri egotea aurreikusten dute

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 20a, 13:51

Araba Etorbideko lanen barruan, zubiari zoladura berriztean gertatutako ezbehar batek eragin du pasabidea itxita egotea. Zubia jabetza pribatukoa zenez, Udalak akordioa lortu du eremua publikoa izateko, eta egonkortze lan batzuk egin ostean, "ahalik eta azkarren" irekiko dute pasabidea.

Azaroan gertatu zen aipatutako ezbeharra. Zubiko zoladura berrizten ari zirela, erreka gainetik doan zubi zatian zulo handi bat agertu zen.

Zubian agertu den zuloa, eta azpitik erreka. 

Zubiaren alde bat bestea baino zaharragoa da -argazkia oinarri hartuta, eskumako aldea 1969koa da, eta bestea, poligonoa berriztu zenekoa-, eta alde horren egonkortasun maila hobetzeko beharra ikusi zuten Udaletik.

Baina hura egonkortzeko, tramite administratibo batzuk egin behar izan dituzte. Zubiaren alboan dagoen Basterretxe baserrikoena zen zubiko lurzoruaren jabetza. 1969an, zubiaren lehen zatia egin zenean, bost urterako lagapen bat adostu zuten Udalak eta baserrikoek, bertatik oinezkoak pasa ahal izateko. Baina ordutik hona, erabilera publikoa izan arren, jabetza pribatukoa izan da zubia. Horren erakusle da, erreka azpitik pasatzen ez den pasabide azpian dagoen lokala, baserrikoek erabiltzen zutena. 

Baserritarra ortuan, eta haren atzean aipatutako lokala.

Hala, aurreko astean akordioa lortu zuen bi aldeek –Udalak eta baserriko jabeek– pasabidea Udal jabetzakoa izateko, eta era horretan zubiak behar duen eraberritze integrala egiteko. Lan horiek 90,750 euroko kostua izango dute –BEZ barne– eta Udalak eta jabeek adostutako akordioa permuta bat izan da; Udalak saneamendu lan batzuk egingo ditu baserri inguruan, eta horren truke adostu dute titulartasun aldaketa. Hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek, bereziki,  jabeen "eskuzabaltasuna" eta "akordiorako prestutasuna" eskertu nahi izan ditu publikoki. 

Bizilagunentzat traba

Zubia hiru hilabetez  itxita egoteak oinezkoei eragin die; batez ere, San Josepe auzoko bizilagunei eta haurrak Umezaintzara eramaten dituztenei. Udal Gobernuak ohar bidez adierazi du, martxoaren 31rako zubia erabilgarri egongo dela. "Eskerrak ere San Josepeko eta San Andreseko bizilagunei, denbora guzti honetan eduki duten pazientziagatik" adierazi du Arrupek. 

Araba Etorbideko lanak martxoaren 31 amaituko direla adierazi dute Udal Gobernutik.

Araba Etorbideko lanak

San Andres auzoko hobekuntza lanak amaitzear daude. Une honetan gainazaleko akaberak eta lorezaintzari lotutako lanak egiten ari dira, eta zubiarekin bezala, martxoaren 31 bukatzea da Udal Gobernuaren aurreikuspena. Egin diren lan aipagarrien artean, hauek daude: autoentzako erreiak hiru metrora murriztea, bidegorria jartzea, espaloiak bi metroko zabalerara egokitzea, egungo eta etorkizuneko urbanizazioak uztartzeko biribilgune bat egitea, eta euri uren eta ur beltzen saneamendu sarea berritzea, besteak beste.

Lanak hasterakoan zeresana eman zuten bertan egindako zuhaitz mozketek. Gai horrekin lotuta, esatea 60 zuhaitz landatuko dituztela. udaleko teknikariek esandakoaren arabera, jada hazita dauden zuhaitzak izango dira, baina "ez handiegiak", "bestela ezin dituztelako sustraiak ondo finkatu". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak