12 urteko arrasatear bat, 'Egunean Behin' jokoko lehen sailkatu

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 20a, 11:06
Izadi Ramos, etxekoekin batera. (Argazkia: Izadi Ramos)

Izadi Ramos du izena, eta aitortu du etxeko partaide guztien artean jokatzen dutela bere kontutik. "Etxean lau kide gara, lau kontu ditugu, eta lauron artean jokatzen ditugu partida guztiak".

Egunean Behin jokoak gero eta jende gehiago erakartzen du, eta horrek are zailagoa egiten du kuadrillako, herriko eta sailkapen orokorreko goiko postuetan egotea. Une honetan 68.000 jokalari inguru daude, eta horien artean lehena izatea txalotzeko moduko lorpena da. Bada joan den astean, Izadi Ramos 12 urteko arrasatearrak lortu du sailkapen orokorreko lehen postua.

Hain gazte izanda nola lortu duen galdetuta, aitortu du ez duela bakarrik jokatzen: "Etxean lau kide gara, lau kontu ditugu, eta lauron artean jokatzen ditugu partida guztiak". Sekretua konfesatu arren, lortutako ez da makala. Zazpi probetan, bataz-beste, 9,43 galdera asmatu zituzten, 39,86 segundotan erantzun zituzten hamar galderak, eta 593,98 puntu pilatu zituzten.

Aste osoan egindako lan finaren ostean, domekan adi-adi ibili ziren sailkapena jarraitzen: "Urduritasunez bizi genituen 00:00ak jo arteko azken uneak, eta poz handia hartu genuen lehenak ginela jakitean. Aste honetan, zerbait egingo dugu ospatzeko".   

Arrasaten ia 700 jokalari

Ttak! taldekoek Arrasateko herri taldea sortu dute hirugarren denboraldirako, eta aste honetarako, jada, 693 jokalari pilatzea lortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak