Bloom taldeak hiru kontzertu ditu aurretik

Amaia Aranegi 2020ko ots. 14a, 17:00

Bloom talde arrasatearrak urte eta erdiko ibilbidea du, hiru kontzertu eskaini ditu herrian eta beste hiru eskainiko ditu herritik kanpo; bihar Añorgako gaztetxean, martxoaren 6an oñatin eta martxoaren 14an Villabuenako gaztetxean.

Mikel Bolinaga –gitarra–, Julen Altuna –baxua–, Eneko Aspiazu –bateria–, Hasier Larrea –gitarra– eta June Ollakarizketa –abeslaria– dira kideak. 2018ko urrian sortu zuten taldea eta abeslaria aurreko urteko martxoan sartu zen. Guztiak lehenago beste talde batzuetan ibilitakoak ziren eta elkartzen hasi ziren abestiak entseatzeko. Astero musika elkarrekin entseatzeko ohitura bilakatu zen eta taldea sortzea erabaki zuten. Taldearen izena erabakitzeko, hogei izeneko zerrenda zuten, eta, azkenean, adostasunera heldu eta Bloom –loratu– izena jarri zioten. Musika estiloari dagokionez, ez dira estilo zehatz baten finkatzen. "Gure artean desberdinak gara eta abestien estiloak nahiko desberdinak dira, kontzertuetan eskaintzen ditugun abestiak estilo anitzekoak dira", diote taldekideek. Bost abesti propio dituzte bukatuta –lau euskaraz eta bat ingelesez– eta hamar bertsio abesten dituzte. Beste sei abesti bidean daude eta lanean ari dira amaitzeko.

Ez daukate lokal propiorik

Epe laburrera begira dituzten kontzertuen arabera elkartzen da taldea, eta, kontzertuak dituztenean, bi edo hiru aldiz elkartzen dira entseguak egiteko. Bloom taldeak ez dauka lokal propiorik eta itxarote-zerrendan dago: "Herrian aktibo dagoen taldea gara eta ez daukagu lokal propiorik". Taldeko kide bat beste talde batean dago, eta, horri esker, gaztetxean entseatzeko aukera izaten dute.

Taldeak hiru kontzertu eskaini ditu: uztailean Irati tabernan egin zuten debuta Perlata taldearekin batera, Elkartasun Egunean Taupa tabernan jo zuten eta Santamasetan gaztetxean izan ziren:" Oso pozik gaude, asko disfrutatzen dugu kontzertuetan eta taldean daukagun giroa oso ona da". Epe laburrera begira, beste hiru kontzertu eskainiko ditu talde arrasatearrak: bihar Añorgako gaztetxean izango dira, martxoaren 6an Oñatiko Ikatz tabernan eta martxoaren 14an Villabuenako gaztetxean. Bloom taldea lanean jarraitzeko gogotsu dago eta etorkizunera begira abestiak grabatzeko asmoa daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak