Beñat Barberena fitxatu berri du Ointxe! klubak

Amaia Aranegi 2020ko ots. 13a, 20:00

Ointxe! klubeko harrobikoa da Barberena, lau urtez Txinan egon da, eta orain, Arrasaten dagoen bitartean Ointxe!-n arituko da jokoan: "Ilusio handia egiten dit berriz hemen jokatzeak, taldekideak ezagutzen ditut eta maila handia dago taldean".

Beñat Barberena Ointxe! klubeko harrobikoa da, urte asko ibili zen taldean jokoan, baina duela lau urte Txinara joan zen lanera. Bertan, aisialdian saskibaloian jokatzen jarraitu du eta torneo batzuetan ere aritu da. Gainera, berak lan egiten duen eskolan talde profesional bat sortu zuten eta haiekin ibili zen. Baina azken bi urteetan, bere kabuz ibili da saskibaloian jokatzen. Hala ere, Arrasatera etorri izan denean taldearekin entrenatzeko aukera izan du: "Faltan igarri izan dut horrelako talde batean jokatzea eta Arrasatera etorri naizen bakoitzean Ointxe!-rekin entrenatu izan naiz. Duela bi urte, denboraldiaurrea beraiekin egin nuen, eta oso talde polita eta maila handikoa daukate".

Barberena urte hasieran oporretan etorri zen Arrasatera eta entrenatzaileari beraiekin entrenatzeko esan zion. Orain Txinan dagoen arazoarengatik, bere distritua koarentenan jarri dute eta horrek ez dio bermatzen bertan etxera sartzen utziko diotenik; beraz, hegaldia baliogabetu egin zuen: "Jokalari bat kanpoan dago ikasketengatik, eta, bat gutxiago direnez, laguntzeko prest nagoela esan nion entrenatzaileari". Buruan partidu bat jokatzea zuen Barberenak, baina bi gutxienez jokatuko ditu: "Domeka honetan nire urtebetetzea da eta oso polita izango da festa giroan saskibaloian jokatzea. Oraindik ez dakit noiz itzuliko naizen Txinara; beraz, oraingoz, seguru bi partidu jokatuko ditut. Asmoa Arrasaten nagoen bitartean Ointxe!-n jokatzea da".

Taldea, indartsu

Denboraldiaren erdia jokatu da EBA mailan, Ointxe!-k emaitza onak lortu ditu eta laugarren postuan dago sailkapenean. Iazko denboraldiko talde berdintsuak ari dira lehiatzen EBA mailan, baina, bi denboraldiak alderatuz, orain "anbizio handiagoz" dabiltzala dio Iñaki Ogara entrenatzaileak. Denboraldi honetan, jokalariek ez dute lesio garrantzitsurik izan, eta jokalari garrantzitsuak falta izan ziren asteburuan bi partiduak galdu zituzten. Postu onean dago taldea eta entrenatzaileak merezitako lekuan daudela aitortzen du. Orain, mailari eusten saiatu behar dute, eta etxetik kanpo dituzten partidu zailetan ondo jokatu. Emaitza onak lortzeko lanean dihardu taldeak, eta maila mantenduz gero liga irabazten saiatuko dira.

Ilusioari eustea helburu

Taldea gogotsu eta ilusioz dago eta ilusio hori transmititu nahi dute. Horregatik, Iturripeko partiduetara eta baita kanpokoetara jarraitzaileak erakarri nahi dituzte. Emaitza onak ez dira beti lortzen, baina, hala ere, ilusio hori mantentzea lortu nahi du taldeak. Denboraldi hasierako helburua sailkapenean goian egotea zen eta horrela jarraitzeko lanean daude. Jokalariak lan "bikaina" egiten ari direla dio entrenatzaileak, eta pozik dago jokalariekin: "Talde sendoa osatu dugu; Martin Buesa, Dani Lorenzo, Simon Mancebo eta Aitor Carrera bezalako jokalariak ekarri genituen eta jadanik bi urte daramatzate gurekin". Klubak, zuzendaritza eta jokalariak konprometituta daude taldearekin eta egindako lanaren saria igoera fasera igotzea izango litzatekeela dio entrenatzaileak. Taldeari dagokionez, "ezin- hobeto" dagoela dio. Fisikoki eta mentalki oso ondo ikusten ditu jokalariak eta familia giroan horrela mantentzea da helburua. Asteburu honetan etxean jokatuko dute; domekan 18:30ean Iturripen jokatuko dute, sailkapenean hamaikagarren postuan dagoen Solares taldearen aurka. Partidu berezia izango da, etxekoen indarra gertutik jasoko dute eta Beñat Barberena jokalaria jokoan arituko da taldearekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak