"Herri langilearen aldarrikapenak sozializatu" izana "balioan jarri" du greba batzordeak

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 11a, 09:51

U30eko Arrasateko Greba Batzordeak balorazio batzarra egin du, eta urtarrilaren 30ari buruzko hausnarketak plazaratu dituzte ohar bidez. Besteak beste, egindako asanbladen garrantzia edo grebak lantegietan, komertzioetan eta hezkuntzan izan duen eragina aipatzen dituzte bertan, baita zaintzaren alorrean egin beharreko urratsak ere bai. 

Arrasateko Greba Batzordeak komunikabideetara igorritako oharrean zera jarri nahi izan dute balioan:

"Balioan jarri beharreko egun bat izan zen urtarrilaren 30ekoa. Mugimendu desberdinen arteko aliantzaren bidez antolatu genuen Greba Eguna. Lantokiz-lantoki, dozenaka asanblada egin genituen Arrasaten. Asanblada bakoitza garaipen bat da. Eztabaida sustatu zen, injustizia eragiten duten politika publikoez hitz egin zen. Herri langilearen aldarrikapenak sozializatu genituen. Bozketak egin diren lantokietan izugarrizko emaitzak lortu ziren. Egia da kooperatibetan gorabeherak egon zirela, baina balioan jarri nahi ditugu kooperatibetan egon ziren grebaren aldeko milaka bozka horiek ere. Komertzio txiki eta ostalariei txalo bero bat egindako esfortzuagatik. Injustiziei aurre egiteko herri antolatu bat dagoela bistaratu zenuten, pertsianak itxiz. Hezkuntza komunitateak ere planto egin zuen, egungo eredua aldatzeko eta etorkizuneko belaunaldiek bizitza oparoagoa izan dezaten zuen alea jarri zenuten. Bizitza duin baterako, zaintza arduratsua, partekatua eta komunitarioa behar dugula ere bistaratu genuen, nahiz eta alor honetan asko dugun oraindik egiteke. Egunean zehar antolatutako mobilizazioetan ere aspaldian ikusi gabeko jendetza bildu ginen, aldarrikapenez jositako manifestazioak eginez. Horregatik guztiagatik, urtarrilaren 30ak, balio politiko izugarria izan du, baita Arrasaten ere"

Greba egunean ikusitako aspektu negatiboak ere aipatzen dituzte oharrean, baita aurrera begira dituzten nahiak ere:

"Badira baita alde negatiboak ere. Eusko Jaurlaritzako piketeek, bi grebalari identifikatu eta grebako materiala lapurtu ziguten. Arrasateko alkatearen aginduz, Azoka Plazan aurreikusita zegoen bazkaria egitea ukatu ziguten. Zorionez, intzidentzia hauek ez zuten egunaren jardunean eraginik izan. 

Aurrera begira, hainbat irakaspen atera ditugu, eta atea zabalik uzten dugu, greba batzordea osatzen dugun eragileon artean, elkarlanean borroka honi jarraipena emateko. Batuta indartsuagoak gara! Bizitza da handiena! Gora bizitza!" 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak