Mondra ezinean Anaitasunaren kontra: 0-2

Mireia Bikuña 2020ko ots. 2a, 12:30

"Lan handia egin dugu, baina sari barik geratu gara", esan zuen partiduaren bukaeran Mondrako entrenatzaile Asier Olaizolak. 38. minutuan Azkoitiko taldeak sartutako golak min handia egin zien arrasatearrei. Bigarren zatian, Anaitasunak hobeto menderatu zuen baloia.

Hasi aurretik ere jakinekoa zen Anaitasunaren kontrako lehia oso zaila izango zela. Sailkapenaren bigarren lekuan daude azkoitiarrak, eta hori kasualitatea ez dela erakutsi zuten Mojategin. Mondra hobeto jokatzen zebilenean, Anaitasunaren lehen gola heldu zen. Atzeko lerroan egindako hutsa aprobetxatu zuen Mikel Arzallusek gola sartzeko, 38. minutuan. Kolpe gogorra etxekoendako, eta lasaitasuna kanpotarrendako. Lehen zatian ez zuen askoz gehiagorako eman.

Bigarren zatian, Anaitasuna kontrolatu zuen baloia hobeto. Irizpide askoz gehiagorekin jokatu zuen, Mondrari aukera gutxi utzita. "Baloia lasaitasun eta zehaztasun handiagoarekin mugitzea falta zaigu. Hori, askoz hobeto egin du Anaitasunak", esan zuen Olaizolak.

Dena den, arrasatearrek azken ahalegina egin zuten azkoitiarrak jokalari bat gutxiagoarekin geratu zirenean. Hamar minutu geratzen ziren lehia bukatzeko, eta lerroak aurreratuta, berdinketaren bila joan ziren. Baina, kontraerasoan, bigarren sartu zuen Anaitasunak, Julen Iriarteren bidez, eta partidua erabakita geratu zen, 88. minutuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak