Arrasateko Atletiko Taldearen 75. urteurrena ospatzeko egingo den azken ekintza argazki erakusketa izango da. Gaur zabalduko ditu ateak, Kulturaten, eta otsailaren 16ra arte egongo da zabalik. Erakusketa honek 75 urte hauetako Arrasateko atleten argazkiak bilduko ditu eta herritarrei atletismoak izan duen bilakaera erakustea du helburu. 2.000 argazki inguru bildu zituzten, eta aukeraketa egin behar izan dute.
Erakusketan, hainbat panel handi egongo dira: 1969.urte aurreko atleten argazkiak, 1969 eta 1987. urte bitartekoenak, 1987. urtearen ondoren taldetik pasatu diren atleten argazkiak eta Arrasateko atleta nabarmenenen argazkiak. Azken hauek nazioarte mailan ezagunak direnak eta Espainiako txapelketetan parte hartu dutenak dira, besteak beste. Erakusketa gaur zabalduko dute, eta Arrasateko atletak direnak eta izan direnak ezagutzera eramango direla dio Arrasateko Atletiko Taldeko presidente Jon Ormaetxeak: "Erakusketa honek Arrasaten atletismoak izan duen bilakaera erakusten du eta taldearen 75 urteak laburbiltzen ditu". Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 17:30etik 20:30era, Kulturateko klaustroetan.
Taldearen 75. urteurrena
Urteurrenaren ospakizunak maiatzean hasi ziren, Fernando Zufiria omenduta. "Txufi-k 50 urte egin ditu Arrasateko atletismoa sustatzen, eta ez dut uste Gipuzkoa osoan halako beste pertsonarik egongo denik. Eskerrak eman behar dizkiogu urte hauetan guztietan egindako lanagatik", dio Ormaetxeak. Bigarren ekintza irailaren 7an egin zuten. Izan ere, atletismoa kalera atera, eta Biteri plazan atletismo erakusketa egin zuten: "Ekitaldi horrekin erakutsi gura genuen atletismoa ez dela soilik korrika egitea, beste modalitate batzuk ere badaude eta". Abenduan, urtero moduan, Santamas Krosa antolatu zuten, eta herrian indarra hartu duen ekintza da hau: "Lagun giroan korrika apur bat egiteko asmoz antolatzen dugu hitzordu hori, dena ez dugu-eta atletismo federatura begira bakarrik egiten". Egitarauaren azken ekintza gaur zabalduko den erakusketa izango da, eta, honela, urteurrenerako antolatutako ekintzak bukatuko dira. Hala ere, hasierako ilusio berarekin lanean jarraitzeko asmoa dutela dio taldeko presidente Jon Ormaetxeak.