"Urtea espero baino hobeto hasi dut"

Amaia Aranegi 2020ko urt. 24a, 09:00

Ander Murua pilotariak txapel bikoitza lortu zuen asteburuan. Pozik dago orain arte lortutako emaitzekin eta lanean gogor jarraitzeko asmoarekin dago arrasatearra.

Ander Murua arrasatearra 4 urterekin hasi zen pilotan eta geroztik kirol honetan dihardu. Arrasate eta Bergarako taldeetan aritu da, eta orain, Soraluze taldean dago. Urtea emaitza onekin hasi du eta aurreko asteburuan bi txapelekin bueltatu zen etxera.

2020a emaitza onekin hasi duzu.

Ez nuen espero hain ondo hastea urtea, baina, egia esatearren, jokatutako partidu guztiak irabazi ditut.

Aurreko asteburuan, bi txapel irabazi zenituen.

Bai; askotan, denbora luzea egoten zara torneoak irabazi gabe, eta, batez ere, orain, seniorretara pasatzerakoan, gehiago kostatzen baita. Gainera, horrelako torneoak irabaztea oso zaila izaten da, onenak doazelako. Egia esan, partiduz partidu joan ginen bi torneoetan, eta, agian, biak irabaztea ez nuen espero, baina ondo jokatzea bai. Eta ondo jokatu genuenez, irabaztea lortu genuen.

Ostiralean, Elgoibarko XVIII. San Anton Pilota Txapelketako finala jokatu zenuen Endika Uriondorekin bikote. Aurkari gogorrak izan zenituzten?

Oso maila handiko pilotariekin aritu nintzen jokoan, txapelketetan bukaerara iristen diren horietakoak. Nire bikotekidea eta beste bi aurkariak, Elola eta Mariezkurrena, Diario Vasco Txapelketako finalean aritu ziren. Beraien aurka jokatzea polita da, oso maila handia dutelako, eta kantxatik kanpo lagunak gara. Gainera, horrelako partiduak jokatuta, asko ikasten da eta hobetzen laguntzen dizu.

Nola joan zen partidua?

Laurak pare bat pilota galtzen hasi ginen, eta gero, beste bikotea –Elola eta Mariezkurrena– partiduan ezin sartu egon zen. Ondoren, partidua nondik nora zihoan ikusita, gure estrategia ondo erabiliz tantoak gure aldera ekartzea lortu genuen. Eta, azkenean, espero baino errazago irabazi genuen: 22-9.

Endika Uriondo izan zen zure bikotekidea. Lehenago jokatu izan duzu berarekin?

Ez; bizkaitarra da eta lehenengo aldia da berarekin jokatzen dudana, eta, egia esan, oso gustura aritu nintzen.

Finaleko jokalari onenaren saria jaso zenuen.

Bai; egia esan, finalaurreko partidua finalekoa baino hobeto joan zen. Azkenean, finaleko partidua ez zen atera hain ondo, akats asko egon ziren, baina gustura geratu nintzen egindako lanarekin. Endikak ere oso partidu ona egin zuen, berak ere merezi zuen sari hori.

Domekan, Tafallan izan zinen Arbizurekin jokoan. Nola joan zen asteburuko bigarren partidua?

Partidu hura askoz ere gogorragoa izan zen. Hasieran, tantoak bukatzea kosta egiten zitzaigun eta partidua gogortu egin zen. Bi atzelariak oso ondo hasi ziren, eta pilota oso urruti jartzen. 15-14 galtzen joan ginenean, pilota aldaketarekin, guk aldatzea erabaki genuen, jokoan gehiago sartu nintzen eta erritmoa aldatu eta aurrean gehiago jokatzen hasi nintzen, eta, azkenean, hor egon zen partiduaren gakoa. Altutzarra atzelaria fisikoki jaitsi egin zen eta nire bikotekide Arbizu oso ondo aritu zen. Azkenean, dominatzea lortu zuen eta nik tantoa aurrean bukatzeko errazago izan nuen.

Arbizurekin izan zara lehenago jokatzen.

Bai; Laudioko Aretoko Txapelketa berarekin jokatzen dut. Oso ondo moldatzen gara eta momentu honetan oso ondo dabil, atzelari onenetakoa izango da. Nik neuk oso gustura jokatzen dut berarekin.

Gaur 19:00etan Laudion izango zara, Herriaren 24. Txapelketan. Nola ikusten duzu partidua?

Arbizurekin jokatuko dut, Labakaren eta Telletxearen aurka. Oso partidu zaila izango da, azken bi urteetan txapeldun geratu dira torneo honetan. Egia esan, oso bikote ona da, Tolosako Klubekoak dira eta elkarren artean oso ondo ulertzen dute. Labaka aurrelaria seniorretan onena da eta Telletxea atzetik onenetakoa da baita ere. Aurreko finala, adibidez, 22-4 irabazi zuten. Baina espero dut lan ona egitea eta gurea ematea.

Aurrera begira, pilotan jarraituko duzu?

Pilota serio hartzen dut, garrantzi handia ematen diot. Gustura sentitzen naiz eta niri gustatzen zaidana da. Disfrutatzeaz gain, sufritu ere egiten dut. Azkenean, ez banu sufrituko, ez litzaidake kirol hau gustatuko. Orain bezala segitzea da nire asmoa, entrenatzen eta lanean gustura. Ez dut etorkizunean askorik pentsatzen; profesionalki pilotan aritzea zail ikusten dut, oso jende ona dagoelako. Baina orain arte bezala lanean jarraitzen badut, seguru gustura egongo naizela.

Soraluzeko taldean zaude.

Bergarako Klubean hiru urte egin nituen eta azkenengo urte honetan Soraluzeko taldean nago. Ikasketengatik Zarautzen bizi naiz eta Soraluzeko eta Tolosako taldeekin entrenatzen naiz.

Pilota munduan zeintzuk dira zure erreferenteak?

Irujo zen nire erreferentea, baina, zoritxarrez, utzi egin behar izan zuen, eta orain, egia esatearren, Altuna asko gustatzen zait; orain, onena dela esango nuke. Eta debuta egin berri duen Salaberria ere bai. Nik baino urte bat gehiago dauka, eta, laguna izateaz gainera, bere jokoa gustuko dut.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak