Txakurrak taldeak diskoa kaleratuko du aurten

Amaia Aranegi 2020ko urt. 20a, 11:42

Hiru urteko ibilbidea duen taldeak kide eta izen aldaketak izan ditu. Orain, taldea egonkortuta dago eta diskoa kaleratuko dute urrian. Lehenago, bi kontzertu finkatuta dituzte, eta, diskoa kaleratu ostean, berriz izango dira oholtza gainean.

Etenaldia egin ostean, abenduan hasi ziren berriz ere kontzertuak eskaintzen eta geroztik lanean dihardute; proiektu bat ere badute esku artean. Xabi Zugasti (bateria), Ander Azkarate (gitarra), Aitor Jauregi (baxua), Jokin Mendizabal (gitarra) eta Andoni Muguruza (abeslaria) dira kideak.

Zaunk & Roll

Zaunk-and-roll izendatzen dute euren musika estiloa, baina rock-and-roll azeleratua dela dio Mendizabalek: "Punk-rock moduko zerbait egiten dugu, baina azkarra eta zuzena. Kontzertuetan dena ematen dugu, ez gara geratzen. Izan ere, ahalik eta gutxien egiten ditugu pausak". Tabernetan eta gaztetxeetan eskaintzen dituzte kontzertuak eta harrera ona izaten dute. Emanaldietan jendea animatu egiten dela dio Mendizabalek: "Oraindik ere rock-and-rollean mugimendua dago. Nahiz eta beste musika estilo batzuk indarra hartzen hasi, badago lekua rock-and-rollarendako".

Emanaldietan, bertsioak eta abesti propioak abesten dituzte, eta, gehienak erdaraz eta ingelesez izan arren, horri buelta ematen saiatzen ari da taldea: "Orain, egiten ditugun bertsioak gehienbat euskaraz dira eta helburua euskarak taldean presentzia handiagoa izatea da".

Hurrengo kontzertuak

Aurrera begira, bi kontzertu eskainiko ditu taldeak: urtarrilaren 24an Aretxabaletako Ezkutu tabernan eta urtarrilaren 31n Iruñeko Aitzina tabernan. Horrez gain, otsail aldean, bederatzi abestiz osatutako diskoa grabatuko dute eta urrian izango da kalean: "Martxo hasieran, Arrasaten jotzen saiatuko gara, eta gero, urrian diskoarekin izango gara berriz bueltan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak