Mondrak urteko lehen garaipena lortu du Mojategin (3-1)

Maialen Regueiro 2020ko urt. 11a, 19:46

Asier Olaizolaren mutilek sailkapeneko azken postuan dagoen Euskaldunaren bisita jaso dute gaur arratsaldean Mojategin. Hirugarren minutuan aurreratu da markagailuan etxeko taldea, Jokin Gorostolaren eskutik eta gainontzeko golak bigarren zatian etorri dira. Mondrak zazpi minututan –53. minutuan eta 60. minutuan– bi gol sartu ditu Iker Sanchezen eskutik, Euskaldunak, berria, 63. minutuan sartu du gola, baina hiru puntuak Arrasaten geratu dira.

Hiru puntu "garrantzitsu"

Gaur, Mojategin lortutako hiru puntuak "garrantzitsuak" direla adierazi du Aitor Azkarate jokalari arrasatearrak. Izan ere, Euskaldunaren aurkako partidu honekin denboraldiko lehen itzulia amaitu du Mondrak eta berau garaipenarekin izatea positibotzat jo du Azkaratek: "Garaipen honek sailkapeneko azken postuetatik aldentzeko balio digu".

Itzuli gorabeheratsua

Azkaratek aipatu bezala, Mondraren lehen itzulia "modu kaxkarrean" hasi zen: "Denboraldi hasiera ez zen batere ona izan; azkenean, entrenatzaile aldaketa izan genuen. Hortik aurrera, gutxika taldea argia ikusten joan da eta etxeko partiduetan asko hobetu du. Horregatik, espero dugu bide honetatik jarraitzea eta bigarren itzuli hobea egitea".

Urtebeteren ostean, berriro zelaian

Aitor Azkaraterentzat, gainera, gaurkoa partidu berezia izan da. Izan ere, urtebete egin du min hartuta, pubiseko arazo batekin, eta gaur, minutu batzuk jokatzeko aukera izan du: "Pubiseko lesioa gorabeheratsua izan da eta medikuekin lanean aritu naiz guztiz errekuperatu artean. Jokatzeko gogotsu nengoen, eta pozik nago berriro futbol zelaira bueltatu naizelako".

UDAren garaipena eta Bergararen porrota

UDAk eta Bergarak etxetik kanpo jokatu dute asteburu honetan. Aretxabaletako taldeak Oiartzunen aurka jokatu zuen atzo arratsaldean, eta partiduko hiru puntuak etxera ekarri zituzten 0-1 irabazi ostean. Bergarak berriz, ez zuen garaipena lortu, Elgoibarren aurka jokatutako partiduan (2-0).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak