Arrasateko EAJ esleipenekin "harrituta", eta lanak zortzi hilabetez hasi gabe

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 10a, 13:33

Ospitaleko 'Putzua', alboko bloke batetik ikusita.

Ospitale alboko Putzuko lehen 114 etxeak esleitu dira; 63 erosteko eta 51 alokairurako. Visesak eta Udal Gobernuak akordioaren berri eman zutenean, alokairuko 51 etxeak Udalak ezarritako kupo batzuen arabera esleituko zirela esan zuten; baina ez da halakorik gertatu eta Visesak esleitu ditu, zuzenean. 2019ko maiatzean jaso zuen Visesak lanak hasteko baimena, baina gaur-gaurkoz geldi daude.  

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila kudeatzen duen alderdi sozialistak ohar bidez jakinarazi du asteon Ospitale alboko putzuan Visesak egingo dituen etxeetatik lehen 114ak esleitu dituztela. Erosketara bideratuko dira horietako 63, eta hauek 2019ko azaroan esleitu zituzten. Gainontzeko 51ak alokairurako izango dira eta hauek abenduan esleitu zituzten. 

Baina Arrasateko EAJk "harriduraz" hartu ditu alokairuk etxeen esleipenak. Visesak eta Udal Gobernuak, 2017ko azaroan sinatu zuten bertan 184 etxebizitza publiko egiteko akordioa. Horren berri emateko prentsaurrekoan esan zuten, alokairuko 51 etxe horiek Udalak ezarritako kupo batzuen arabera esleituko zirela. Herriko alokairu eskatzaileen profilak ezagutzeko –adina, egoera soziala, diru-sarrerak...– galdetegi bat egingo zela esan zuten, eta  eta horren arabera banaketa irizpide batzuk ezarri.

Etxebizitzak zuzenean Visesak esleitze horrek eragin du jeltzaleen harridura. Goiena Visesarekin harremanetan jarri da, eta bertako zuzendari Carlos Quindos-ek adierazi ez dela egia Udalak kupoa ezartzea adostu zutenik. Azaldu duenez, hori egitea Jaurlaritzari dagokio, eta halaxe egin zuten abenduaren 26an egindako Gobernu kontseiluan, honako kupoak ezarriz egokituak ez diren alokairuko etxeentzat: 

  • %40, 35 urtetik beherakoentzat
  • %40, eskubide subjektibokoentzat.
  • %10 behar bereziak dituzten kolektiboentzat
  • %10 kupo orokorrekoentzat

Lanak 2019ko udaberrian hastea zen aurreikuspena, baina une honetan geldi daude. Udal iturriek baieztatu dutenez Visesak 2019ko maiatzean jaso zuen lanak hasteko baimena, baina azken zortzi hilabetetan ez da mugimendurik egon. Horri buruz galdetuta Visesako zuzendariak adierazi du, tamalez, ohikoa dela administrazioan era honetako atzerapenak egitea, eta aste honetan bertan publikatu dutela lanak egiteko lehiaketa publikoa. 

Hasierako aurreikuspenen arabera lehen 114 etxeak 2021erako egongo ziren bukatuta, baina alderdi sozialistak igorritako oharraren arabera 2023an amaituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak