Ara Malikian maisuarekin batera jotzen duen Jorge Guillen biolin-joleak geldialdia egingo Amaia antzokian, hilaren 31n. Beste lau musikarirekin batera osatzen duen Strad taldearekin izango da –Tania Bernaez (kontrabaxua), Vicente Hervias (perkusioa), Joaquin Alguacil (gitarra) eta David Garcia (teklatua)–, musika klasikoa, jazza, elektronika, rocka eta flamenkoa nahasten dituen emanaldi berezia taularatzeko.
Ibai-arte Arrasateko Merkatari eta Zerbitzu Elkarteak, Ozenki elkarteak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatu dute ekitaldia, eta sarrerak salgai daude urtarrilaren 2tik Kutxabank.es webgunean, 20 eurotan.
Punta-puntako musikaria
Jorge Guillen ospe handiko biolin-jolea da, nazioartean hainbat sari jasotakoa. 30 herrialde baino gehiagotan aritutako musikaria da, eta berriki Sevillako Cartuja Center aretoko eserleku guztiak betetzetik dator. Opera egitetik Extremoduro taldearekin rocka uztartzera pasa zen Jorge Guillen biolin-jolea, eta ordutik askotariko estiloak egiten dituen taldeak ezagutu ditu, eta hori islatzen du bere emanaldietan.
Ikuskizun arrakastatsua
Ibai-arteko presidente Jon Apraizek ikuskizun bikaina aurreikusten du, eta sarrera salmenta ondo doala ere gaineratu du: "Jorge Guillen biolin-jolearekin harremanetan jarri ginen, eta bere aldetik prestutasun handia erakutsi du Arrasaten jotzeko. Izan ere, Bilbon harmaila guztiak bete zituen, eta abenduaren 14an Hondarribian eskainitako saioa ere arrakastatsua izan zen. Hori horrela, orain arte 400 sarrera inguru salduta, ikuskizun ederra izatea aurreikusten dugu, eta antzokia betetzen bada, askoz hobeto".
Musikaz haratago
Urtarrilaren 31ko emanaldiak 90 minutu inguru iraungo du, Amaia antzokian –20:30ean–, non 1700. urtean Vienan egindako biolin bat erabiliko duen taldeko liderrak. Hala, El violinista rebelde izeneko ikuskizunak biolina ardatz izango duen arren, askotariko musika estiloez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Estilo klasikotik hasi eta rock gogorrerainoko kantuak entzuteko aukera izango da, eta, gainera, ez da musika emanaldi soila izango; izan ere, biolin-jolearen monologoek ere indar handia izango dute ikuskizun errebelde honetan.