Mikel Arregi: "Une historikoak bizi ditugu, baina gogaikarri ere bihurtu dira"

Eneko Azkarate Laspiur 2020ko urt. 10a, 13:00

Kazetari arrasatearra Madrileko bere etxean, oraingo astean.
Mikel Arregi kazetari mondragoetarrak 2015eko irailetik dihardu Madrilen, Radio Euskadiko, bereziki, eta Euskadi Irratiko berriemaile. Azken egunotako Espainiako presidentearen inbestidura bertatik bertara jarraitu du. Oso momentu intentsua izan dela dio. 

Badaroatzazu urte batzuk Madrilen hango berri ematen. Egun hauetako zurrunbilo informatiboa intentsuenetakoa izan da?
Gogorra izan da. Tentsio handiko egunak. Gabonetan, 24an, 25ean, 31n eta 1ean jai izan dut eta Arrasaten izan naiz. Gainerako egunetan Madrilen, nahiz eta egunak neuzkan jai hartzeko. Urtarril amaierarako lagako ditut jaiegunak. 

Gogoan duzu beste uneren bat informazio aldetik horren estua izan dena?
Egia esan, Madrilera etorri naizenetik, oso urte gorabeheratsuak izan dira. Bost urte ez ditut bete oraindik eta bost legealdi ezagutu ditut. Mariano Rajoiren sasoia ahaztu zaigu, baina hura ere izan zen oso bizia informazioaren aldetik: hauteskundeak, Kataluniako prozesu subiranista, zentsura mozioa… Berez, une historikoak dira, kontatzeko interesgarriak, baina gogaikarriak ere badira, deskonektatzeko astirik ez duzulako. 

Zela bizi izan dituzue berriemaileok Espainiako Kongresuko diputatuen pasiloetako joan-etorriak?
Inbestidura aurreko asteak eta bereziki PSOEren eta Esquerraren arteko negoziazioak sekretupean eroan dira eta gauza gutxi jakin dugu horiei buruz. Ezinegona sortu du horrek kazetarion artean. 

Eskumako alderdien presioengatik, Pedro Sanchezen inbestidura kolokan ikusi duzu egun hauetan?
PSOEk oso argi zeukan haien taldeko inork ez zuela alderdiaren kontrako botorik emango eta ez zela gertatuko Tamayazo-rik. Rafael Simancas sozialisten talde parlamentarioko burua bera arduratu da horretaz. Bestelakoa da beste alderdi batzuek, txikiek bereziki, jaso duten presioa.

"ERCk eta bereziki Gabriel Rufianek erakutsi dute, azken hilabeteotan, akordioetara heltzeko gaitasuna"


Ze nabarmenduko zenuke eztabaida saioetatik?
Eskumako alderdiek, bereziki PPk eta Voxek, izan duten jarrera beligerantea, batez ere, EH Bildurekiko, eta baita Pedro Sanchezen eta Kataluniako independentisten aurka. Antzezpen puntua ere izan dute hainbat hitzaldik, telebistarako eginak bezala. Horretaz gain, atentzioa eman dit ze sakonera txikiko edo ze maila baxuko interbentzio eta eztabaida politikoa izan dugun, zelako proposamen gutxi egin diren. Legealdira begira, oso kezkagarria da. PP eta Vox lehia bizian daude eta ez dute hanka azeleragailutik altxatuko. Eta Ciudadanos ere, bere irrelebantzian, saiatuko da proposamen propagandistikoak egiten; Espainiako udaletan EH Bilduren aurkako mozioak aurkeztea, esaterako. 

Erabakigarria izan da ERCren jarrera.
Bai, eta nabarmenduko nuke Gabriel Rufian. Azken hilabete hauetan erakutsi du akordioetara heltzeko gaitasuna. Sakontasun politiko handia ikusten diot. Uste dut akordio inportantea dela sozialisten eta ERCren artekoa.

Ze iruditu zaizu EH Bilduren eta EAJren bozeramaileen parte hartzea inbestidura saioetan?
Puntako bozeramaileak dituzte Madrilen EAJk eta EH Bilduk. Aitor Esteban ezaguna da eta haren lana aitortua da, baina EH Bilduk erakutsiko du legealdi honetan orain arte izan duena baino protagonismo handiagoa. Sozialistak kaltetzeko EH Bilduren aurka eskumak hasitako kanpainak mesede egingo dio EH Bilduri. 

EAJren protagonismoa ahultzea ekarriko du horrek?
Ibilbideagatik, EAJk Madrilen daukan ospea eta eragiteko ahalmena EH Bilduk ez dauka oraindik, baina epe ertainera bi alderdien arteko lehia areagotu egingo da. Pablo Iglesiasek esan du EAJ bezain garrantzitsua izango dela EH Bildu Espainiako gobernagarritasunean. EAJn egonezina ere sortu du.

Euskal Herriko politikan izango du eraginik?
Testuinguru horretan uler daiteke EAJk erakutsi duen abilezia PSE-EErekin daukan akordio horretara Ahal Dugu ere erakartzeko, Jaurlaritzaren aurrekontuetan, esaterako. EAEko eta Espainiako gobernagarritasuna PSOE, EAJ eta Podemos ardatzetik pasako dela ematen du.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak