Valencia Sport taldeak fitxatu du Malen Ruiz de Azua

Xabier Urtzelai 2019ko abe. 31a, 09:53

Malen Ruiz de Azua, Mojategin entrenatzen, udan.

Nobedade eta erronka berriekin hasiko du Malen Ruiz de Azuak 2020a, azken urteotan ordezkatu duen Super Amara BAT taldea utzi eta Espainiako eta Europako Ligako txapeldun izan den Valencia Sport taldeak fitxatu duelako. 

Atletismoan urtea amaitzearekin batera amaituko dute aurrerantzean denboraldia –orain arte ikasturtearekin batera amaitu izan da–. Horrenbestez, Malen Ruiz de Azuak azken orduak ditu Super Amara BAT taldeko atleta moduan, urtea hastearekin batera Valentzia Sport taldeko atleta izango da-eta. Talde indartsua da Valentziakoa, Espainiako eta Europako txapeldun izan dira: "Baina pertikan hutsune handia zuten. Iaz, esaterako, Erreginaren Kopan bigarren sailkatu ziren, eta aurrerapausoa eman gura zuten. Hala, gurekin harremanetan jarri ziren, Malenek talde helburuei erreparatuta ikusi du aukera oso polita izan daitekeela eta proiektura batzea erabaki du", adierazi dio GOIENAri Jonathan Perez entrenatzaileak.

Urte ona egin du arrasatearrak. Pista estaliko denboraldia 4,38 markarekin agurtu zuen, Antequeran jokatutako Espainiako Txapelketan bigarren sailkatuta, eta taldekako Espainiako Kopa Ibedrolan 4,35eko saltoa egin zuen, eta hor ere bigarren sailkatu zen. Aire librean, baina, pista estaliko marka on horiek hobetzeko koska txiki hori falta izan zaio, 4,35eko marka egin zuen-eta Lurraldeen Arteko Espainiako Txapelketan, Iruñean. Talde aldaketarekin 2020an elitean jarraituko du arrasatearrak, onenen artean, ilusio eta indar berrituekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak