Gabon garaian, arrasatearrak munduan barrena

Amaia Aranegi 2019ko abe. 21a, 10:00

Gabonak etxean familia eta lagun artean pasatzeko garai bereziak badira ere, badaude data hauek etxetik kanpo munduan zehar pasako dituzten bost arrasatear.

JOSU ARIÑO

"Gabonetarako askok etxeko ateak zabaldu dizkigute"

Josu Ariño 24 urteko arrasatearra Medikuntza graduko azken urteko praktikaldia egiten ari da Mexikon, Meridan, Yukatango probintzian. Hango jende askok Gabonak eurekin pasatzeko etxeko ateak zabaldu dizkioten arren, Kuban igaroko ditu Gabonak, bertan egindako lagunekin, bere bertako familia dena. Mexiko ikusteko aukera izan du, eta, Kuba gertu egonda, urteko azken egunak Karibeko hondartzetan igarotzea plan paregabea iruditzen zaio. Bitxia egiten ari zaio Ariñori Gabonetako apaingarriak 30 gradutan eta tirantetan ikustea. Hala ere, garaiotako janaria –arrain zopa, turroiak...– eta santamasak faltan igarriko ditu.

 

ARITZ UNAMUNO

"Aurten, etxekoak etorriko dira Gabonak elkarrekin pasatzera"

Aritz Unamuno 40 urteko arrasatearra da eta lau urte eta erdi darama Txinan. Shanghain, Fagor Ederlanen Kunshanen, egiten du lan, Mekanizatuko Produkzioko arduradun. Aita izan berri da –alaba jaio da orain dela hilabete– eta Vietnamen pasako dituzte Gabonak familiakoekin batera. Alaba ezagutzera joango dira eta, bide batez, Gabonak elkarrekin pasatuko dituzte. Azken bost urteak etxetik kanpo pasa ditu Gabonak eta aurten, behintzat, familiartean egongo da. Hala ere, abenduaren 24ko arratsaldeko poteoa eta Aramaioko gainontzeko familia faltan igarriko ditu.

 

IZASKUN MARIÑELARENA

"Oso bitxia egingo zait Gabonak uda giroan pasatzea"

Izaskun Mariñelarena 24 urteko arrasatearra da eta urria ezkero Australian dago, Sydneyn. Han, ingelesa ikasi eta hondartzaren ondoan dagoen saltoki-gune bateko mexikar jatetxe batean lanean jarduten du. Gabonei begira, ez daki ziur Gabon gaua nola ospatuko duen, baina lagun artean afari on bat eta festa ez da faltako. Gabon zaharrean, adibidez, badaki hondartzan afaldu eta Sydney erdialdean, Opera House inguruan, agurtuko duela urtea. Lehenengo aldia da Gabonak etxetik, familiarengandik eta lagunengandik urrun pasako dituela, eta faltan igarriko ditu garai hauetan gertukoekin bizitako momentuak.

 

BEÑAT BARBERENA

"Herrimin gehien sentitzen den garaia dira Gabonak"

Beñat Barberena 30 urteko arrasatearra da eta Txinan dago, Hangzhou-n, Zhejiang probintzian, neska-lagunarekin batera. Laugarren urtea du han; heziketa fisikoko irakasle eta saskibaloiko entrenatzaile eta jokalari dihardu. Gabon gauean, neska-lagunarekin batera, gordeta daukaten patea, amaren kroketak eta urdaiazpikoa izango dituzte afaltzeko, eta 25ean eta 31n lagunartean izango dira. Laugarrenez ospatuko ditu Gabonak Txinan; herrimina du: "Familiarekin bazkari eta afariak, tertuliak, kartak, lagunekin poteo eta parrandak... Ai... Besarkada potolo bat denoi!".

 

MAITE LASA

"Esperientzia bakarra da eta aprobetxatu egin nahi dut"

Maite Lasa 21 urteko arrasatearra Krakovian dago, Polonian, Prozesuen eta Elikagai Produktuen Berrikuntzako Graduko Erasmus aldian. Gabon gauean, Antzuolako lagun bat bisitan egongo da eta bera eta bi pisuko kide Bratislavara joango dira ospatzera. Lehenengo aldia da Lasak Gabon gaua etxetik kanpo pasako duena eta egun horretan kalean sortzen den giroa, familia, lagunak eta janaria faltan igarriko ditu. Gabonak Arrasaten urtero pasatzeko aukera dauka, eta, Polonian egonda, ahalik eta gehien aprobetxatu eta disfrutatu nahi du. Gabon zaharrean Arrasaten egongo da, eta gero, berriz ere Polonian izango da bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak