Publikoak gozatzea dutela helburu nagusi azaldu du Ozenki elkarteko Manu Gallardok, eta horretarako kantu ezagunekin osatu dutela kontzertuaren kantu-zerrenda: "Guztiak ez badira, ia guztiak, ezagutuko dituzue gehienok, eta askok kantatu ere egingo duzue, seguru".
Opera eta zarzuela obren pieza ezagunak
Errezitaldi lirikoa bi zatitan banatu dutela gaineratu du: "Lehenengoan, operari eta napolitanei, hau da, Italiako kantu herrikoiei, egin diegu lekua, bereziki; eta atal horretan abestuko dituzte, besteak beste –batzuetan bakarka eta beste batzuetan binaka–, La Bohéme, La Traviata, Turandot eta Carmen operetako aria garrantzitsuenak. Bigarren zatian, zarzuela izango da protagonista. Ikaragarri gustatzen zaigu zarzuela eta eskualdean, orokorrean, zale asko daude, eta horregatik lekua egin gura izan diogu gala lirikoan. Atal horretarako ere kantu ezagunak aukeratu ditugu; horien artean, Soto del Parral, Luisa Fernanda eta La tabernera del puerto obretakoak".
"Puntako abeslariak"
Horrelako ekitaldietan ohikoa den moduan, Amaia antzokian hiru ahots nagusiak – tenorea, baritonoa eta sopranoa– izatea gura zuten antolatzaileek, eta goi mailako abeslariei proposatu zieten: "Batzuk aurrez Amaian izandakoak dira eta beste batzuk gurera ekartzeko aspaldiko nahia genuen. Agenda konplikatuak dituzten arren, lortu dugu guztienak bateratzea; hortaz, oso eskertuta gaude eurekin".