"Ekintzak kalera aterako ditugu, herritarrak ere kalera atera daitezen eta ikus dezaten gure komertzioetan ze eskaintza daukagun, erosketak edota opariak egiteko", azaldu du Jon Apraiz Ibai-arteko presidenteak.
11:00etatik aurrera, karpa erraldoi bat izango da Seber Altube plazan, eta Arrasateko 15 saltokik euren kalitatezko produktuak erakutsiko dituzte karpa horretan: "Produktu esanguratsuenak, Gabon hauetarako opari ideiak, eta abar".
Merkatuan parte hartuko duten saltokiak orotarikoak izango dira: emakume moda, lentzeria, osagarriak, haur moda, etxebizitzak, eta abar. Hori horrela, hauek dira parte hartuko duten komertzioak: Bea Lentzeria, Beinke, Bisuteria Elkoro, Boutique Elena, Garraxi, Josle, Kapikua, Kids&Us, Lasagabaster, Resusta Karrikiri, Sikol, TipiTapa, Ume, Xarma eta Zubiaga.
Horrez gain, eguna girotzeko, mota guztietako ekintzak egingo dituzte egun guztian zehar. "Kalitate handiko ikuskizunez gozatzeko aukera daukazue".
Askotariko eskaintza kalean
Brasildik etorri arren Euskadin egin zuten bat Ronaldo Bahia kantautoreak eta Rafael Caladok, eta elkarrekin ipar-ekialdeko eta Brasilgo hegoaldeko erritmoen nahasketa bat egiten dute.
Horrez gain, Altrius magoak magia eta umorea uztartuko dituen ikuskizuna eskainiko du.
Bestalde, Izaskun del Cerro musikariak eta Ainhize Solaun dantzariak Piano taupadak kanta sorta eskainiko dute, "poesiaz, dantzaz eta sorpresez betetakoa".
Andres Jerezek suzko eskujokoekin girotuko ditu kaleak.
Kia Eta Bere Ukelelea taldeak 3-8 urte bitarteko umeei zuzendutako Gabonetako abestien erritmoan abestu eta dantzatu ahal izateko kantuak eskainiko ditu, perkusionista batekin.
Kantautore moduan, Daniel Guantes burgostarra egongo da, "estatu mailan nahiko ibilbide eta errekonozimendu dituena".
Dantza akrobatikoa ere izango da, Levelibular konpainiaren eskutik, Portamundos ikuskizunarekin. "Sigimundok zirkuko eta antzerkiko teknikak erabilita, eta jolasteko aukera galdu gabe, ikusleei zirrarak eragiten dizkie, gertatzen denarekin inprobisatuz. Zirku eta umore ikuskizun bat da, adin guztietako jendearentzat".
Bestetik, haur eta gazteek disfrutatzeko animazioa jarriko dute, 11:30etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara: puzgarriak, bira eroa, zezen mekanikoa eta abar –euria egiten badu ekimen hau bertan behera geratuko da–.
Hauxe da egitaraua:
12.00-12:45 Ronaldo Bahía eta Rafael Calado Sanfoneiro, musika taldea
13.00-13:45 Altrius, magia
14:00-14:20 Izaskun del Cerro eta Ainhize Solaun, pianoa eta dantza
14:30-14:45 Andres Jerez, suzko malabarismo ikuskizuna
17.00-17:30 Kia eta bere ukelelea, haurrentzako musika
17.30-18:15 Daniel Guantes, kantautorea
18.45-19:15 Portamundos, dantza akrobatikoa
19:30-19:50 Izaskun del Cerro eta Ainhize Solaun, pianoa eta dantza
19.50-20:15 Andres Jerez, suzko malabarismo ikuskizuna
Sarreren eta otzaren banaketa
Egunari bukaera emateko, bezeroen artean zozketatu diren martitzeneko gala lirikorako 25 sarrera bikoitzen banaketa egingo dute eta baita zozketatzen ari diren Gabonetako 50 otzaren banaketa ere. "Jarraitu Arrasaten erosten eta eskuratu zurea!"
Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren laguntzaz antolatu du Ibai-Artek merkatua.
*Establezimendu bat baduzu eta Ibai-Arteko edozein ekimenetan parte hartu nahi baduzu deitu 943 79 30 90 edo 688 734 149 zenbakira.